
Arabako Bertsozale Elkarteak Altxa Kopla Hori! programa abiatuko du maiatzean. Elkarte horrek iragarri duenez, “bertsolariek kopla doinuetan kantatuko dute. Arabako 28 bertsolarik, 6 gai jartzailek eta tokian tokiko bina musikarik parte hartuko dute”.
Ekimena maiatzaren 5ean hasiko da eta ekainaren 23an amaituko da, “udaberriarekin batera”. Koplak egiteko tailerrak ere ondu dituzte egitarauaren baitan. “Kopla, bertso erdi bat baino gehiago izanik, bertsotan egiteko neurri herrikoia da. Musikaz lagunduta eta lagun arteko giroan gozatzeko aukera ematen du”.
Hauexek izango dira saioak: maiatzaren 5ean, Araian; 12an, Bitorianon; 19an, Kanpezun; 26an, Artziniegan; ekainaren 2an, Oionen; 9an, Bastidan; 16an, Agurainen; eta, azkenik, 23an, Amurrion.
Informazio gehiago: bertsozale.eus.



