
2017an OUT elkarteak antolatu eta Bilboko Udalaren babesa izandako aurreneko ekimenaren arrakasta dela-eta, Open House Bilbao jaialdia berriro izango da aurten. House Worldwide sarearen barruan, gutxi gorabehera, 40 hiritan asteburu batean ospatzen den eta munduko arkitekturaren ekimenik handiena den jaialdi horretan parte hartuko du aurten ere Bilbok. Herritarrek arkitekturarekiko, hirigintzarekiko eta uriaren historiarekiko duten interesa agerian geratu da.
Open House Bilbao jaialdiaren lehenengo edizioa ere irailean izan zen, iaz, eta oso arrakastatsua izan zen; izan ere, asteburu batean irekita egon ziren 47 eraikin publiko eta pribatuetan bisitariak 35.856 izan ziren. Jaialdi arkitektoniko kultural honen arrakasta ikusita, aurten ere Bilboko zenbait eraikin irekita egongo dira irailaren 22an eta 23an.
Erakusketaren bidez, Bilboko historia arkitektonikoa ezagutarazi gura izan da, hiru alditan banatuta: Bilbo komertziala, Bilbo industriala eta zerbitzuen eta kulturaren Bilbo eraberritua.
Joan den urtean, bisitari gehien izan zituzten eraikinak hauexek izan ziren: Iberdrola Dorrea (3804 bisitari), San Mames (2829 bisitari), Olabarri jauregia (1878 bisitari), Miribillako Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen Egoitza (1702 bisitari), Euskalduna jauregia (1676 bisitari), Montero etxea (1477) eta Arriaga antzokia (940).
Aurten Open House Bilbaok esperientzia errepikatuko du eta erakusgai egongo diren eraikin publiko eta pribatuak gehiago izateko asmoa du.



