ARTEA

"Desira Plazer" gure literatura erotikoaren errepasoa

Josune Muñozek emakumezkoek idatzitakoan arakatu du, eta berak egin du hautaketa hori. Igor Estankoank eta Edorta Jimenezek, gizonezkoen poemategietan murgildu dira alerik erotikoenak lortzeko asmoz. Hala ere helburua ez da izan erotismoaren gaineko definizio bat ematea, ez eta lesbo, homo edo hetero kategorietan sailkatzea egungo literatura. Egin den sailkapen bakarra urteka etorri da, eta hala Miranderen poema batekin hasi da antologia berezi hau, beharrezkoa zen antologia erotiko hau, orain arte Euskal Herrian ez zegoena eta irakurle askorengan grina piztuko duena.

Apailatzaileek kanpoan ezer ez uzteko ahalegin berezia egin dute eta ehunka liburu arakatu dituzte antologia hau ahalik eta osatuena izan dadin, horrexegatik ere, "azken 40 urtetan euskal poesiak egin duen ibilbidearen gaineko saiotzat hartu ahal da lan hau" esan du Igor Estankonak.

Irakurleak denetarik ikusiko du, kausituko du. Alde batetik poema zuriak, bigunak, leunak direnak eta beste aldetik eskandaluzkotzat har daitezkeenak ere bai. Idazle kontsakratuen poemak eta beren ondoan liburu bakarreko egileak, behin sarituak izan zirenak eta gero "isiltasunaren hilobian" desagertu direnak.
Eta liburu honek ere kezka bat, aztergarria den beste kontu bat ekarri du. Zenbat emakume izan diren sarituak euskal letretan eta gero desagertu egin dira, beren ahotsa isilarazita! Zergatik?

Gorputzak, erotismoa begiratzeko, sentitzeko, dastatzeko, azaleratzeko, gida eta gidari izan nahi du antologia honek. Poema guztietan lurralde bat eratzen da, euskal emakume eta gizonen erotismoaren kontinentea. Hona hemen desira eta plazeraren kontinentea. Kurritu ezazue!

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button