Hala, barikuan bertan, Mexiko, mugen gainetik izeneko ekitaldia izango da Gernikako gaztetxean. Hitzaldia, Chihuahua – Juarez, 2009ko brigada. (19:00etan), kontzertua, Leon Chavez Teixeiro, musikari eta artista (21:00etan) eta argazki erakusketa izango dira. Larunbatean berriz, Instinct eta Effectus metal taldeen kontzertua izango da 21:30ean, eta igandean Bide Ertzean Tolosako taldeak Leidor Sessions diskoari dagokion birako azken kontzertua eskainiko du 19:30ean.
Apirilari dagokionez, 1ean Nazioarteko topaketak izango dira Gaztetxean: Gazteak eta gatazka politikoak, eta hilaren 7tik 9ra bitartean Animazio Filmen Maratoia. Egun horietan, gainera, aisialdiaz gozatzeko zenbait ekintza egingo dituzte, tartean, ping-pong eta futbolin txapelketak.
Hilaren 10ean, musika itzuliko da gaztetxera Kafea eta Galletak ekimena dela medio. Hala, 18:00etatik hasita, The Dwight Twilley Band taldearen Twilley Don't Mind lana entzun ahal izango da eta gero disko hori aukeratu duen Los Steaks pop-rhythm-roll hirukote bermeotarrak kontzertua eskainiko du. Egun berean, Omar Nabarrok bere azken poemategia aurkeztuko du Haragizko amoreak, Francis (Doctor Deseo), Txuma Murugarren, Rafa Rueda eta Joseba Barrenetxearen laguntzarekin.
Hilaren 16an, bertso-reggae-rap ekitaldia izango da 22:00etan. Ekitaldi hibrido horretan honako hauek parte hartuko dute: Ibon Ajuria eta Gorka Ostolaza (bertsolariak), Maury (rap) eta Haimar Arejita (musikaria). Biharamunean, Gau Elektronikoa izango da, alegia, dantza garaikidea eta musika elektronikoaren arteko uztarketa. Honatx parte-hartzaileak: Kaosaren teoria, Ziomara Ormaetxe eta Ibon Agirre eskutik, eta El_Txef_A, Drymouth, Txsk, Kspr disko jartzaileak.
Apirilaren 23an gaztetxean Okasientes eta Midnight Road taldeek joko dute eta hurrengo egunean, baina oraingoan Trinkete Anti-txokoan, Paniks eta Porco Bravo. Apirileko azken astean, gainera, gaztetxean Gernikako bonbardaketaren urteurrena ospatuko dute hitzaldi, liburu aurkezpen eta erakusketak tartean direla. Gernikako Facebook webgunean informazio guztia dago.
Gernikako gaztetxeak bidalita