MUSIKA

Koplak, musika korala eta elektronika uztartu dituzte "Betibizi" diskoan

Gaur goizean aurkeztu dute Betibizi diskoa Bilbon. Bertan Xabier Amuriza bertsolaria, Basilio Astulez Leioa Kantika Koraleko zuzendaria, Jose Luis Canal musikaria eta Iñaki Iraeta Hiri Records diskoetxeko ordezkaria izan dira.

Azken horrek hartu du hitza lehendabizikoz. Hala, lan "berezia" dela esan du, "nobedade asko" dituena. Izan ere, kantuen hitzak koplak dira, eta koraleko ahotsak tratamendu ezberdina izan dute, izan ere, folk esparruan hain ohikoa ez den musika elektronikoarekin uztartu dira.

Folk-elektronikoa jorratzen duen egitasmo berritzaile honen sustatzailea, baina, Xabier Amuriza da. Bertsolariak adierazi duenez, egitasmo honek luze jo du eta lan asko eskatu du. Horren harira, diskoaren azalean agertzen den Betibizi lorea aipatu du: "bi esanahi ditu, dantzariek papar-hegalean eramaten duten lorea da, eta era berean betiko bizi ere esan nahi du; eta nik ez nuen hil nahi egitasmoa hau gauzatuta ikusi arte", azaldu du umoretsu.

Proiektuaren jatorria Amurizak aspaldi bildu zituen Bizkaiko kopla mordoan dago. Hala, horietako batzuk Tapia eta Leturiaren Bizkaiko kopla zaharrak diskoan jaso ziren. Lan horren harrera ona izan zuen Euskal Herriko folk zirkuituan.

Geratzen zitzaizkion koplekin, baina, gauza ezberdina egin nahi izan du. Hala, dantzari-dantza erritmo "indartsu eta biziak" apur bat egokitu eta koplekin nahastu zituen. Hamar melodia landu, eta Kepa Junkerari, lagun eta kolaboratzaileari, eman zizkion proiektua garatzeko, -grabazioan orotara dozena bat doinu daude, Junkerak trikixa eta doinu herrikoi bat sartu baititu-. Horrela sortu da Betibizi, non Leioa Kantika Koralak ahotsak jarri dituen, Xabier Sarasola beasaindarraren konponketen laguntzarekin, eta Jose Luis Canal musikariak musika landu duen, Kepa Junkerarekin lankidetzan.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button