Bai Turboneskak bai Gora Gora Kids talde berriak dira, baina gero eta sarriago ikusten ditugu oholtzan, horrek taldeari dakarkion eskarmentuarekin.
Gora Gora Kids, esaterako, iazko Bilboko Aste Nagusiko tokiko taldeen erakusketan parte hartu zuen eta kritika nahikoa onak jaso zituzten hedabideen aldetik. Amateurismo lotsagabetik abiatuz, laukoteak beat, garage-rock eta antzeko 60ko hamarkadako doinuak jorratzen ditu, beti ere, umoretsu eta parrandarako prest. Orain arte lan autoekoitzia plazaratu du.
Zortzi abestiz osatutako lan hau Andoaingo Astikrusti estudioan grabatu dute 2009ko udan Xabi Astigarragaren laguntzarekin. Bera arduratu da kantuen nahasketa eta masterizazioaz. Emaitza, disko bizi, bero eta dibertigarria da. Azkarra ere bai, diskoak 23 minutu irauten du. Guzti honek taldeak eszenatokian erakusten duen energia islatzen du eta bere zuzenekoak saio dantzagarri bilakatzen dira.
Turboneskak-ek, berriz, 70eko hamarkadako rock gogorra jotzen du. Talde gaztea da, baina zuzenean gogotsu agertzen dira. Duela gutxi Las Culebrasekin ikusi ditugu agertokian. Euren kontzertuetan, gainera, bertsioak egiten dituzte.
Gora Gora Kids-ek bidalita



