
Jokin Gezuragarekin (Bilbo, 1977) elkarrizketatu gara aste honetan. Chalwa Band & King Konsul reggae musika taldearen partaide da, piano-jolea hain zuzen ere. Taldea hamar lagunek osotzen dute eta gero eta ezagunagoa suertatzen hasi da, uda honetan 20 kontzertu inguru eman dituztelarik Bass country, beraien disko berria, aurkezteko.
Noiz eta zergatik aukeratu zenuten reggae banda bat egitea?
Urdulizen (taldekide gehienen herrian) betidanik egon da reggae eta ska munduko kutsua. Jende piloa elkartzen ginen (eta gara) reggaearen inguruan eta herri txiki batean bizi garenez, asko kontzertuetara joateko batzen ginen. Modu honetan kontzertuetan batzen ginen eta horietako batzuk reggae banda bat sortzea erabaki genuen 2005. urtean.
Hasieran sei lagun ginen baina taldearen barruan estilo desberdinak jorratu nahi genituen eta hortik banaketa bat etorri zen. Roots reggaea jorratu nahian, proiektu berri bat sortzea erabaki genuen eta honela baxua eta gitarra berriekin Chalwa band sortu zen 2006. urtearen amaieran. Taldean bost hasi ginen baina denboran aurrera eginez partaide berriak sartu ziren taldean. Lehenengo hiru urtetan jende asko pasatu zen frogak egiten. Joan etorriak egon ziren eta 2009. urtean taldearen oinarria finkatzea lortu genuen, orduan 7 partaide izanik.
Urte berean Txapel reggae jaialdiaren kanta sortu genuen eta bertan King Konsul abeslari zarauztarragaz batu ginen. Ondo moldatzen ginela ikusi, eta alkarregaz jarraitzea erabaki genuen. Egun, guztira 10 kidek osatzen dugu taldea.
Reggae musikak ba al du indarrik Euskal Herri mailan?
Bai, noski. Ez beste estilo batzuek bezainbeste, baina badauka. Esan genezake reggaeak baino gehiago ska musikak indar gehiago duela Euskal Herrian.
Jamaikan 80ko hamarkadan jorratzen zen musika Euskal Herrian sartzen hasi zen. Musika honek kritika sozialarekin lotura zuzena zeukan eta garai haietan Kortatu bezalako taldeek modu berdinean erabili zuten. Geroztik aurrera euskaldun talde batzuk ska eta reggae soinu haiek moldatzen hasi ziren, Potato, Negu gorriak, Fermin Muguruza eta gaur egungo Esne Beltza kasu.
Guk, 80ko hamarkadan Jamaikan eta Ingalaterran egiten zen musika eredutzat hartzen dugu gure abestiak sortzeko, bai arlo musikalean, eta bai orduan sortu zen mugimenduan oinarrituta.
Zeintzuk dira zuen reggae talde gogokoenak, zuen ereduak?
Reggae musikaren barruan estilo desberdinak daude, musikaren eta mezuaren arabera. Gu roots reggae-a jotzen dogu, eta gure inspirazio iturri Dennis Brown, Gladiators, Aswad, John Holt eta Gregory Isaacs izan dira, beste batzuen artean…
Orain disko berria aurkezten ari zarete. Zelako abestiak aurkituko ditu entzuleak bertan?
Gure Bass country disko berrian entzuleek gure egunerokotasunean izaten ditugun arazoei buruzko hitzak entzun ditzakete, munduan ematen diren bidegabekeriak, herri txikietako bizimodua, maitasun kontuak etab. Bitxikeriaren bat ere entzun daiteke…
Disko honetan dub abestiak ere entzun daitezke. Abesti hauek efektuekin lagundutako abesti instrumentalak dira.
Diskoko abestien hizkiak ingelesez daude.
Bai, letrak ingelesez dira gehienak baina abesti batzuetan euskaraz ere entzun daiteke. Diskoaz aparte baditugu euskarazko abesti batzuk kontzertuetan abesten ditugunak. Etorkizunean euskaraz disko bat ateratzea pentsatu dugu.
Reggae filosofia kalamua erretzearekin lotzen da eta izatez EL CORREO-n zuen inguruko berri bat idatzi zuten zuek erretzaile gisa aurkeztuz. Zein da zuen jarrera drogekiko?
Filosofia guztiak subjektiboak dira. Heavy guztiek ile luzea eraman behar dute? Reggae musika egiteak ez gaitu txirriak erretzera eramaten. Txirriak edozeinek erre ditzake, nahiz eta reggaezalea ez izan. Gizarteko kontuak dira horiek. Gure taldean erretzaileak badaude baina tabakoa erretzen ez dutenak ere. Ez dugu bien arteko lotura zuzenik ikusten ezta defendatzen, norberak nahi duena egin dezala beste inor molestatu barik. El CORREO-ko berriari buruz, artikuluaren izenburua eta azpi-izenburuarekin ez gatoz bat. Idazlearen burutapena izan zen soilik.
Taldean jotzeaz gain irakasle bezala egiten duzu lan. Hobby bat al da, ala serioago dedikatzea gustatuko litzaizueke?
Taldeko partaideok 23-34 urte tartean gaude. Gazteenek ikasten jarraitzen dute eta besteok arlo desberdinetako langileak gara. Hasi ginenetik taldea hobby bat izan da guztiontzat eta horrela jarraitzea pentsatzen dugu. Serio hartzen ditugu entseguak eta kontzertuak, gero eta hobeago egiten saiatzen gara baina ez gara profesionalak. Gure helburua ez da musikaz bizitzea.
Etorkizunari begira, proiektu berririk al duzue?
Momentuz disko berriarekin gozatzen gaude. Oso harrera ona izan du eta jadanik 1.000 ale saldu berri ditugu hiru hilabetetan. Urritik abendura oraindik kontzertu batzuk ditugu finkatuta eta momentuz jendearekin ondo pasatzea da gure helburu nagusia.
Gure kontzertuetaz jakiteko www.myspace.com/chalwaband eta Facebook: Chalwa banda. Diska berriaren abestiak www.chalwaband.com -en entzungai dituzue, eta disko erosteko aukera ere bai…
Mila esker Nontzeberri-n agertzeko aukera eskaintzeagatik. Agur, talde guztiaren partez!