
Errenteriako Mikelazulon Uxune Aizpuruaren (Oiartzun, 1984) argazkiak ikus daitezke abenduaren 25era bitarte. Gipuzkoarrak Maroko herrialdeko irudiak bildu ditu, Chaouen, Tanger, Marrakech eta Assilahnen eginiko argazkiak dira, hain zuzen ere.
Argazkilariaren hitzetan, “bertako biztanleen egunerokotasuna ageri da irudietan. Egunerokotasuna eta adierazgarritasunaren arteko lehia adierazi nahi izan dut, gugandik hain urrun ez dagoen herrialde batean”.
Oiartzuarraren arabera, hurbiltasun geografikoa ez dator bat urruntasun kulturalarekin. Izan ere, desberdintasun tenporalak bere eragina du. “Han zaudenean iraganerantz bidaiatu duzula dirudi”.
Hala, argazkilariak kaleko giroa hartu du bere kameraren bidez. “Jostunak eta artisauak kaletan, nekazaritzaren garrantzia, emakumeen zama familiarra eta erregearen nonahikotasuna lokal guztietan, bai denda edo jatetxeetan”.
Horretaz gain, futbolaren garrantzi globala ere nabarmendu du. “Bestalde, denek dute telebista eta edonon jartzen dute, gehienak futbol zale amorratuak baitira. Kontrastez jositako herrialdea da. Horregatik beraientzat egunerokotasuna dena niretzat adierazgarri bihurtzen da”.
Uxune egun Gasteizen bizi da eta Filologia Hispanikoa ikasi du. Gasteizen, gainera, bi argazki erakusketa antolatu ditu Periscopio lehiaketarako 2007an Lisboa izenarekin eta 2008an A lo hecho pecho izenburupean. “Betidanik atsegin izan ditut marrazketa, argazkilaritza eta literatura”, nabarmendu du.