
Duela hamarkada bat abiatu zuten Albert Cirera saxoak eta Ramon Prats bateriak Duot izeneko free-jazz egitasmoa. Ibon RG musikariak bidalitako oharrean jasotzen denez, “Estilo horretako izenik handienak ekartzen dituzte burura Duot-en piezek. Aurten, The Ex taldeko Andy Moorekin hirukote gisa argitaratu dute Food diskoaz gain, Duoten 10 urteak ospatzeko 10 orduko bi kontzertu egin dituzte”.
Katalanek Euskal Herrira egindako estreinako bisita da. Hala, gaur bertan lehenengo kontzertua egingo du Duotek, Bilboko Le Larraskitu Klubean, 20:00etatik aurrera. Bikote katalanarekin batera, Gargara taldea arituko da: Miguel A. García (elektronika) eta IbonRG (ahotsa). Horretaz gainera, Duoteko taldekideek haien bakarkako proiektuak ere aurkeztuko dituzte: Cirerot eta Solot.
Duoten bira hitzordu hauekin osatuko da: bihar, Gasteizko Dardaran, Tutu-rekin; etzi, Bilboko Shake! aretoan, Txaranga Urretabizkaia taldearekin eta ostiralean, Bera herriko Kataku tabernan, hor ere Txaranga Urretabizkaiarekin.