LITERATURA

Liburu berriak barra-barra

Sargori giro honekin batera liburu berri andana aurkeztu dute egunotan euskal argitaletxeek. Hala, atzo, maiatzak 29, Elkar argitaletxek Plazer bat izan duk, Benito! Benito Letxundiri buruzko lana aurkeztu zuen. Ekitaldian liburuaren egileak, Pako Aristi (idazlea) eta Mikel Markez (idazlea eta musikaria) eta Xabier Mendiguren (editorea) izan ziren.

Aristi eta Markez urtetan batu dira Orioko musikariarekin eta giro intimoan gauza asko jorratu dituzte. Solasaldi oparo horietan oinarrituriko la da Plazer bat izan duk, Benito!.

Halaber, Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Hiru gutun Iruñetik (Pamiela) nobela aurkeztu du gaur goizean, maiatzak 30, Donostian. Egileak ez ezik, Aitor Azurki idazleak eta Jose Angel Irigaray editoreak parte hartu dute aurkezpen ekitaldian.

Liburuaren istorioa 1939. urtean gertatzen da. Urte horretan Langileen 127. Bataloia Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi. “Zarpazikin, oin nekatuak herrestan eta automaten pare, gatibuak goizean goizetik turuta hotsera ibiltzen ziren: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, pikotxa, pala, esku orga eta saskiekin, leher gaizto egin arte, errepidea zabaltzen…”.

Alberdaniak, bestalde, Joseba Agirreazkuenaren Euskal Herritarren Bubujabetza entsegua aurkeztu du. Euskal herritarren autogobernuaren auziarekin loturiko galderak erantzuten saiatzen da liburua: Zer da Foru Konstituzioa, Konstituzio liberalen garaian? Zer Euskal Konstituzio politikoa 1852an? Zer euskal Batzar Nagusien burujabetza?… eta bestelako galderak ditu ardatz Agirreazkuenaren lanak.

Haur eta gazte literaturari dagokienez, Elkar argitaletxek bi nobedade plazaratu ditu: Zizili (Unai Elorriaga) eta Nerbioiko piratak (Gaizka Arostegi). Biak ala biak ilustrazioekin jantzita datoz, Mai Egurzaren eta Bruno Hidalgoren marrazkiekin, hurrenez hurren. Lehenengo liburuan 207 dioptria dituen Zizili andrearen abenturak kontatzen dira. Bigarrenean, berriz, pirata izatea deliberatu duen Jon eta bere lagunak dira istorioaren protagonistak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button