
Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ekainaren 22tik 29ra egingo da. Aurten ere, proiekzioak, solasaldiak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak, jardunaldi profesionalak, masterclasseak eta jaiak antolatu dira kultura eta aniztasun sexuala, identitatea eta generoaren inguruan.
Antolatzaileek adierazi duten moduan: “begirada jarri nahi dugu bitxitasunean eta munstroaren irudian, arautik ateratzen den guztiaren metafora gisa. Horregatik, aurtengo leloa Piztu piztia da, jaialdia gure alderik libre eta basatiena esnatzeko indar eta desio gune bihurtzeko gonbidapena izatea nahi dugu. Alderik basatiena sarritan zapaldu ohi da eta arrotz, gogaikarri eta deseroso gisa aurkezten da“.
Sail Ofizialak berrogei film baino gehiago izango ditu. Film luzeen Sail Ofizialean hamabost film lehiatuko dira ohiko hiru kategoriatan: FIK, DOK eta KRAK. Guztiak hamabost herrialdetatik datoz, Iran, Hego Korea, Herbehereak, Suedia, Eslovenia, Ipar Mazedonia, Mexiko eta Alemania, besteak beste. Lan asko opera primak dira, eta hala, sortzaile berriei lekua ireki zaie jaialdian.
Programazioaren gaiak desioaren esnatzea, identitatearen aurkikuntza eta lehen esperientzia afektiboak izango dira. “Hainbat filmek prozesu horiek esploratzen dituzte, munduan beren lekua bilatzen duten eta beren nortasuna ezarritako arauetatik at eraikitzen duten gazteengan fokua jarriz”.
Ekitaldi guztiak Golem Alhondiga, Azkuna Zentroa, Bilborock, Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoa, BBK Aretoa, Pabellón 6, FAS Zinekluba, Bira Kultur Gunea, Sarean eta La Sinsorga espazioetan egingo dira.
Egun guztietako programazioa: Zinegoak



