
Azken bi urteetan etengabe kontzertuak egiten aritu ondoren, Zarauzko Humilitate hardcore taldeak atsedenaldia hartuko du uda honetan. Halere, ikasturteari ahalik eta amaiera onena emateko, gaur, uztailak 5, gipuzkoarrek 80ko hamarkadan AEBn eraturiko Poison Idea hardcore talde mitikoarekin joko du Trintxerpe auzoan dagoen Mogambo aretoan.
Estatubatuarrek beste bi kontzertu egingo dituzte estatuan, Madrilen eta Badalonan, uztailaren 6an eta 7an, hurrenez hurren. Herrialde Katalanetako emanaldian ere zarauztarrek Poison Idearekin partekatuko dute agertokia.
Humilitatek Euskal Herriko plaza, lokal, gaztetxe eta txoko guztietan jotzeaz gain, bira bat burutu zuten AEBetan barrena, non 50 emanaldi eman zituzten. Bira horren ondoren, Total Harrokeriya izenburuko diskoa eta beste talde batzuekin partekatutako KKRLD iraupen laburreko diskoa argitaratu zuten eta orain atsedena hartuko dute irailera bitarte. Aurretik, baina, bi kontzertu esanguratsu joko dituzte Poison Idea hardcore talde klasikoarekin.
Estatubatuarrak 1980. urtean eratu ziren Portland hirian. Haien ibilbide luzean hardcore eta punk estiloko disko sorta bikaina bezain ezinbestekoa argitaratu du, tartean, Pick Your King, Kings Of Punk edo Feel the Darkness. 2006 urte giltzarria izan zen taldearentzat. Izan ere, urte horreten Pig Champion gitarra jotzaile gizena zendu zen. Latest Will and Testament diskoa da haien azken lana. Southern Lord Records diskoetxea, halaber, taldearen disko klasikoak berrargitaratzen ari da.