
Santurtziko Casa Torre Jauregian Azaletatik Sustraietara, Euskal Musikaren Azalak 1960-2010 izeneko erakusketa paratu dute urriaren 18a bitarte. Erakusketak izen bereko liburuan du jatorria. Izan ere, liburu horrek euskal musikaren historia jasotzen du diskoen azalekin eginiko ibilbidea dela medio.
Hala, Jose Antokio Villaren Basque Party, Mikel Laboaren Bat Hiru, Txomin Artolaren Belar Hostoak, Orquesta Mondragonen Muñeca Inchable, Eskorbutoren Anti Todo, Los Bichosen Color Hits, Su Ta Garren Jaiotze Basatia, Cancer Moonen Floc, Colibri, Oil, MCDren Jódete edo Berri Txarraken Payola dira agertzen diren azalak. Orotara 600 azal inguru.
Azalok, gainera, hainbat musikari, kazetari eta idazleren iruzkinekin osatu dira. Iruzkinak txertatu dituztenen artean, berriz, Luis (Beltza Records), Nico (MCD), Francis (Doctor Deseo), Fermin Muguruza (Kortatu eta Negu Gorriak), Anjel Valdes (M-ak eta Elkar diskoetxeko arduraduna) edo Oscar Cubillo kazetaria daude.
Azalok liburutik hormetara egin dute jauzia eta egun Santurtzin daude ikusgai. Gure musikaren azken 50 urteetako historia ezagutzeko aukera paregabea.