MUSIKA

“Ze Premikin!” rock jaialdia bueltan da

Donostiako Egia auzoko Le Bukowski Musika Klubak Ze Premikin! rock jaialdiaren bigarren edizioa ondu du martxoan 27an. Gazteszenako agertokian ondoko taldeak arituko dira: Lisabo (Irun), Atom Rhumba (Bilbao), Lobo Electrico (Tolosa), Willis Drummond (Baiona), Inoren Ero ni (Andoain) eta Nobunny (AEB). Horietaz gain, bi disko jartzaile ere izango dira giroa berotzen: Makala (Zarautz) eta Budin (Iruñea).

Jaialdiaren kartelean jasotzen denez, Gasteszenakoa Lobo Electrico tolosarren azken kontzertua izango da. Alabaina, sareko foro batean taldekide batek iragarri du azkenaurreko emanaldia izango dela; izan ere, azken kontzertua maiatzaren 25ean egingo dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, oraintsu zendu den OK Korral taldean arituriko Lou musikariaren omenez egingo den jaialdian, hain zuzen ere.

Ze Premikin! jaialdiari dagokionez, bertan izango diren euskal taldeak aski ezagunak dira. Dena dela, aipamen berezia merezi dute No Bunny estatubatuarrek. Justin Champlin musikariaren izen artistikoa da No Bunny. Eszenatokira untxi itxurako maskara batekin ateratzen da, eta bere kantuek askotarikoak dira, beti ere, melodia puntu batekin, hala nola, pop, punk eta garage rock, eta power pop. 2008an argitaratu zuen estreinako lana, Love Visions, eta harrezkeroztik, makina bat LP eta single plazaratu ditu. Bere eragin nagusien artena, The Ramones, Hasil Adkins eta The Cramps nabarmendu daitezke. Eszenatokian kontrolik gabeko ikuskizun umoretsua eskaintzen du.

Amaitzeko, azpimarratu martxoaren 29an ere L’asasssins (AEB) eta The Jancee Pornick Cassino (Errusia-AEB) taldeek joko dutela Le Bukowskin. Lehenengoek garage-rocka jotzen dute, eta bigarrenek, berriz, kabaret kutsuko rocka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button