
Castillo Suarez idazleak Urtebetetze festa izenburuko liburua plazaratu zuen duela aste batzuk. Lan festazalea aurrekoen ildotik dator, baina pisu handiagorekin, nolazpait.
Liburuak hainbat eten dakartza bere barruko orrialdeetan. Ez dator bestelako titulurik horrelako saltoetan baina bai gustuko dituen lagunen eta idazleen aipu erakargarriak.
Ezpainetarako barra finarekin margoturiko esaldi zehatzeko poemario dela esan behar da, makillaje gutxirekin. Eta lehen begiradan nabarmentzen dena da izpiritu narratiboarekin datorren lana dela. Tentuz irakurri beharreko lerroak dira, narratibotasunak aurrera eramaten bazaitu ere.
Zehaztasun horrekin deskribatzen ditu desamodioak eta bakardadeak sorturiko taupadak, horiek baitira nire aburuz liburu osoan gailentzen diren gakoak, nahiz eta batzuetan idaztea bera ere, edota abandonoa, feminitatea diren tarteko gaiak.
“Nahiago dugu autoan bakarrik joan lanera eta banaka jarri autobusean. Jenderi erreparatu nork bere aldetik. Begiak jaitsi norbait hurbiltzean. Aterkipean estali. Izugarri eremu zabala da bakardadea” edo “Kontatuko nizuke ez naizela moldatzen maindireak hedatzen bakarrik. Ez zaidala definizio hoberik bururatzen abandonatuak izan direnendako”.
Poemetako tituluek ere nabardura asko gordetzen dituzte: Orube abandonatua; Gure bakartasunak; Zauriak; Traidoreak; Beldurra; Hazi dira sastrakak inguruan; Dena ez da poema; Ez da beharrezkoa idaztea; Ito; Ez naiz inoren ama; Erruaz; Zamaontzia. Beste asko ere oso deigarriak dira, poemaren atea zuzenean zabaltzen baitute.
Liburua arin idatzi omen du, lehen aipaturiko elkarrizketan esaten denaren arabera: “Nik konpromiso bat neukan Garazi Kamiorekin egunero poema bat bidaltzeko. Uztailaren 16an hasi nintzen, eta irailaren 22an bukatu nuen. Nik goizez poemak bidali, eta hark gauez erantzun. Berak esaten dit ez esateko hain denbora gutxian egin dudanik. Azkenaldian, badirudi azpimarratu dela idazle batzuek denbora asko hartu dutela liburua idazteko. Horrek ez du liburua hobe egiten”.
Gauza zinez interesgarriak komentatzen ditu Castillo Suarezek, eta hori dela eta galdera batzuk luzatu nahi izan dizkiogu bere azken lanari buruzkoak.
Hona hemen elkarrizketatxoa:
Azken lanetik hona urte dezente pasatu dira. Denboraren iragaiteak beti dakar ahalegin berezi bat hurrengo lanerako? Zelan sortu da lan hau?
Nire azkeneko liburua, Souvenir (Elkar 2008) mugarria izan zen niretako. Garbi nuen ez nuela beste poema liburu bat aterako baldin ez bazen hura baino hobea. Lau urte behar izan ditut horretarako. Lau urte bizitzeko eta irakurtzeko, bata zein bestea beharrezkoak baitira idazteko.
Lehen begi-kolpean bakardadeari buruzko liburua idatzi duzula ematen du. Tituluak, ostera, beste zerbait adierazi nahi du?
Urtebetetze festa sinbolo bat da: irudikatzen du zein den gure tokia inguruan ditugunekiko. Nork sartzen gaitu bere harreman sarean eta nork baztertzen. Poemak idatzi baino lehenago banuen izenburua.
Behinolako denboraz ere aritzen zara batzuetan, haurtzaroaz, oroimen zehatzak… Poemetatik ezin da idazlea urrundu.
Maiz idazten dut haurtzaroaz eta oro har iraganaz. Iruditzen zait etorkizunera gehiegi begiratzen dugula, eta gutxietsi egiten dugula bizitakoa; baina, bizitakoak, hain zuzen, egiten gaitu indartsu, egiten gaitu idazle hein handi batean.
Hainbat poematan, tituluetan zein barruko lerroetan, ezezkotasun handia dagoela ohartuko da irakurlea (Ez zara argazkietako neska; Ez da beharrezkoa idaztea; Ez naiz argi mintzatzen; Ez naiz inoren ama).
Uste dut oso ohikoa dela hori nire idazkeran. Nire lehendabiziko liburua, Mugarri estaliak (Susa, 2000), idatzi nuenean ere, ohar bera egiten zidan Iñigo Aranbarri editoreak.
Poemetako lerroak zuzenak dira, ez oso luzeak… deklamazioak. Tentuz erabakitako hitzak eta bertsoak dira. Ez dago ezer soberan, ez eta faltan ere. Hala ikusten duzu zuk?
Uste dut nire izaerarekin zerikusia duela horrek. Hitz gutxikoa naiz ni eta hori islatzen da nire idatzietan ezinbestean. Saiatzen naiz soberako hitzik egon ez dadin nire testuetan.
Lerro batzuk oso erakargarriak dira, hau kasurako: “Dena ez da poema/ Dena ez da gezurra”. Azalduko?
Batzuetan poema = autobiografia vs. eleberria = fikzioa egiten da. Ez nago ados horrekin. Niretako poemak edozein eleberri bezain fikziozkoa dira. Ez dira biluzte ariketa bat.
Eta hau: “Zoriontasuna beldurraren antzekoa zen”
Biziraupenerako hainbat estrategia erabiltzen ditugu. Etengabeko alerta egoera batean bizi gara, eta zoriona bilatzen dugun egoera bat da, baina, aldi berean, kudeatzen ez dakiguna.