MUSIKA

We Are Standard eta Mendetz, MAZ jaialdian

Pop-rock independentea ardatz duen MAZ Basauri jaialdiaren bigarren edizioa maiatzaren 3an, ostirala, hasiko da Basauriko Social Antzokian. Estatuko eta Euskal Herriko hainbat musikarik joko dute maiatza osoan, eta nobedade gisa, aurten, doako bi kontzertu izango dira, bai eta dokumental musikalen zine zikloa ere.

Jaialdian parte hartuko duten taldeei dagokionez, Espainiako indie kutsuko musikariak dira nagusi, euskal ordezkaritza ere handia den arren. Hala,maiatzaren 3an, We Are Standard bizkaitarrak eta Mendetz bartzelonarrak arituko dira. Lehenengoek Day izenburudun diskoa aurkeztuko dute, eta bigarrenek, berriz, Silly Simphonies. Bi taldeek soinu dantzagarriak zabalduko dituzte.

Maiatzaren 4an, eta aurtengo nobedade gisa,Txiki MAZ ikus-entzule txikientzako programa izango da. Bertan, txikiei zuzendutako hainbat ekitaldi izango dira. Hala, 12:00etatik aurrera, Solabarria Plazan Zodiacs talde bizkaitarrak errepertorio bereziarekin onduriko emanaldia aurkeztuko du. Horretaz gainera, bateria elektronikoari eta samplerrei buruzko tailerra zuzenduko du Javier Letamendiak (El inquilino Comunista, We Are Standard). Rock izarren erara makillatzeko aukera ere izango dute txikiek: KISS, David Bowie eta REM. Amaitzeko Oliver magoak rock-and-roll musikarekin jantzitako saio egingo du.

Honatx gainerako kontzertuen datak: maiatzaren 10ean, Cristina Rosenvinge eta Mobydick; 17an, Catpeople eta Najwa; eta 24an, Ivan Ferrero eta Gari.

Doako bi emanaldi ere izango dira: maiatzaren 11n, Sr. Chinarro, eta 18an, Jero Romero Trio. Kontzertu horiez gain, zine musikalari buruzko zikloa ere izango da.

Jaialdiari buruzko xehetasun guztiak: http://www.mazbasauri.com/2013/

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button