MUSIKA

Basauriko “MAZ” jaialdiaren aurkezpen festa

Basauriko MAZ indie jaialdiak aurtengo edizioaren aurkezpen kontzertua egingo du ostiralean, otsailak 14, Basauriko Social Antzokian, 21:00etan.

Emanaldia berezia izango da, oholtzan hainbat talde bilduko baitira, gustuko dituzten artisten kantuak zuzenean moldatzeko.

Hala, jaialdiaren hirugarren edizioa irekiko duen kontzertuan ondoko taldeak izango dira : PLV Havoc musikari donostiarrak herrikide dituen La Buena Vida bandaren kantuak moldatuko ditu; Zodiacs gipuzkoarrek gauza bera egingo dute the Who klasikoen errepertorioarekin.

Sonic Trash bilbotarrek, halaber, rock klasikoak txikituko dituzte, tartean, Velvet Undergrounden kantuak; El Inquilino Comunista getxotarrek, berriz, 70eko hamarkadan New York hiriko CBGB aretoan bildutako punk-rock eszenako banden kantuak joko dituzte; Mama Beat bilbotarrek, ostera, 80ko urteetako pop elektronikoan murgilduko dira dantzatzeko asmoz, New Order eta Depeche mode taldeen kantuak bertsionatuko dituzte, batik bat, eta, amaitzeko, The Weapons bandak herri-kantuak joko ditu Popular songs lelopean.

Bestalde, Ramon Churruca performer bizkaitarrak Vidas videovigiladas izeneko emanaldia aurkeztuko du, eta DJk ere izango dira giroa berotzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button