
Bergarako Aroztegi Aretoan, Angela Silvaren Olatualdia izeneko erakusketa abiatuko da gaurtik 19ra bitartean.
Mihise karratu ugariz betetako ezkutuko ortzadar ulertezina izan zitekeena Angela Silvaren ametsen barrenetik sortutako harat-honako joan-etorri sortzailea bihurtu zen. Lehengo esentziez eta luzaketez betetako natura ezinezkoak, lasaitasun eraldatzaileen baitan bizi diren zoko irrealak edo irteera puntuak, metamorfosi sakonera eramaten gaituzte.
Dagoeneko ez da nahikoa izango mihisea ikusi eta horren edertasuna baieztatzea; artistak, orain, gune amestuak sentitzeko aukera eskaintzen du: ilargipean ibili edota paisaia bakan batean paseatu.
Sormen mundu honetan, bat-batean kontzeptu berri eta ikusgarri bat sortu zen. Barru-barruko olatualdi itzela, azkenean gelditu zena.
Kolorea, joan etorriko uhinak. Sentsazioetan hain aberatsa izanik, ibilbide piktorikoa mugatu ezin izan duten sumendi baten edo biren irudimenezko laba. Orain ametsetako emozioak sentitzeko aukera dugu; eta irrealak izan arren, sortzen dizkiguten ezusteko eta bizitzako hotzikarak benetakoak dira.
Angela Silvak marrazketa eta pintura ikasi zituen Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolan. Harrezkero, hainbat erakusketa burutu ditu han-hemenka, batez ere Gasteizen, Zaragozan, Bilbon eta Madrilen.