
Eibarren, hiru argazkilariren erakusketak ikus daitezke urtarrilean: Juan Zamora, Eibarko Klub Deportiboan; Joan Mimó, Anbigun; eta, azkenik, Jon Agirre, Portaleko Tabernan.
Juan Francisco Zamora Salmeron (Albacete, 1963) 80ko urteetan eman zituen lehenengo urratsak argazkilaritzan, batez ere egin zituen bidaien harira. Argazkilaritzari buruzko ikastaroak ematen ditu, eta bidaien eta naturaren inguruko argazkiak eta artikuluak argitaratzen ditu, Espainiako argitalpen garrantzitsuenetan: Grandes Viajes, Geo, Turismo Rural, Turismo & Aventura…
Joan Mimó I Bayó (Bartzelona, 1947) 70eko hamarkadaren amaieran sartu zen Agrupación Foto Cine Cerdanyola-Ripollet (AFOCER) elkartean. Harrezkeroztik, ibilbide luzea egin du, bai eta hamaika sari jaso ere; esaterako, 2013an, Espainiako Argazki Federazioak Maestro saria eman zion.
Azkenik, Jon Agirre Zaldunbide Durangon jaio zen 1979an. Txikitatik hasi zen argazkiak egiten, eta argazkilari autodidakta da. Eibarren paratu duen erakusketan, Paris hiriko dozena bat argazki daude ikusgai.