ARTEA

“30 emakume ahaztezin”, hainbat emakume omentzeko erakusketa

Bilboko Euskal Museoan ikusi ahal izango da Emakundek antolaturiko 30 emakume ahaztezin izeneko erakusketa datorren urteko urtarrilaren 13ra bitartean. Elena Ciordia artistak akuareletan egin ditu erretratatutako emakumeak.

Bilboko Euskal Museoak 30 emakume ahaztezin erakusketa abiatu du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen babesarekin. Guztira hogeita hamar akuarela biltzen dira. Elena Ciordia artistaren lanak dira horiek, “gure herriaren historiako emakumeak erretratatzen ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu direnak: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika, etab. Akuarela horiek beste ikus-entzunezko material eta elementu batzuekin osatzen dira, emakume horien bizitzari buruzko informazioa zabalagoa eskainiz”.

Emakumeak mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duen arren errekonozimendu falta nabaria egon da beti. Orain, erakusketa horrek emakume guztiak omendu nahi ditu.
Ekimenak espazio bat ere sortu nahi du, “herritarrek euren ekarpena egin dezaten beste emakume batzuen oroimena berreskuratuz”. Horretarako erakusketak panel bat du bisitariek emakumeen izen gehiago proposatzeko: “edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak, beren herrietako erreferenteak diren emakumeak, baita haien familietakoak ere, eta beren historia kontatzen dutenak. Ekarpen hori erakusketa-panelaren bidez edo #mujeresinolvidables #emakumeahazezinak traola erabiliz egin ahal izango da sare sozialetan”.

Elena Ziordia (1964, Ortuella) Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, pintura espezialitatearekin, eta hainbat erakusketa egin ditu (Bartzelona, Madril, Bilbo, Valentzia, Valladolid eta abar). Azken urteotan, ilustrazioa landu du gehienbat; bide horretan, zenbait liburu ilustratu ditu, kasurako, Guggenheim Bilbao Experience (Guggenheim museoa), 30 emakume ahaztezin (Emakunde) eta IV. BizkaIdatz Txikia (Bizkaiko Foru Aldundia).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button