IKUS-ENTZUN

“27ko Beste Belaunaldia eta zinema” zikloa hasiko da gaur Nafarroako Filmotekan

Lau film bilduko ditu 27ko Beste Belaunaldia eta zinema egitarauak, eta gaur lehendabizikoa pantailaratuko da, Un bigote para dos (Espainia, 1940), 20:00etatik aurrera. Antonio de Lara Tono eta Miguel Mihurak zuzendua, filma esperimentu bat da, Austriako Unsterbliche Melodien (Heinz Paul, 1935) pelikularen gaztelaniazko bertsio bersinkronizatua baita. Umore absurduko lana da.

Filmotekaren arabera, “ia zazpi hamarkadatan desagertua egon zen pelikula hau (Un bigote para dos ), eta saio honetan, beraz, pelikula orijinala izan zenaren hurbilketa bat ikusiko dugu; harribitxi honetaz gozatzeko aukera aparta izanen da”.  Emanaldiarekin batera, Nafarroako Liburutegiak hitzaldi bat ondu du 18:00etan. Aguilar eta Cabrerizok zuzenduko dute hitzaldia, Zinema Kodornizisma: eszentrikotasunetik groteskora izenburupean.

Zikloak 27ko Belaunaldia mugimendu literarioak zinearekin izandako lotura jorratzen du. “27ko beste Belaunaldiko kideek harreman estua izan zuten zinemarekin. Mugimendu horren barruan kokatzen ditugu, besteak beste, Edgar Neville idazle, antzerkigile eta umorista grafikoa, Antonio de Lara Gavilan Tono, Miguel Mihura eta bere anaia Jeronimo, Jose Lopez Rubio eta Enrique Jardiel Poncela. Horietako batzuk, izan ere, Hollywooden lan egin zuten XX.mendeko 30.hamarkadan”.

Ondoko filmekin osatzen da egitaraua: 11n, La torre de los siete jorobados; 20an, Mi adorado Juan; eta, azkenik, 27an, Misterio en la marisma. Informazio gehiago: filmotecanavarra.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button