
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2026ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren irabazleak jakinarazi dira dagoeneko. Jasotako proiektuen artean, lehen saria Taxi antzezlanari eman dio epaimahaiak, eta bigarren saria Euskal musikarekin, kontuz antzezlanari.
Saritutako lanek hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute, bai irabazleek zein finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak. Donostia Kulturak antolatzen du jaialdia, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin batera.
Taxi antzezlana Idoia Garzesek idatzi du eta Mikel Martinezek antzeztuko du. Lan honek, berritsua eta jenio bizikoa den taxista baten egunerokotasunaren gorabeherakoak kontatzen ditu. Atzerako ispiluan agertutako edozein begi parek enamoratzen omen dute, erabat zoratu arte eta hainbestetan aipatuko du “taxiston diskrezio erabatekoa”, baina gauzak eskapatuko zaizkio.
Euskal musikarekin, kontuz, bigarren saritua, bi pertsonen arteko bakarrizketan datza, edo “bikarrizketan” esan ahalko genuke. Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek euskal musikari buruzko hausnarketa proposatzen dute aditzeko ariketa honetan, ikuspegi feminista bat gehituz.



