
Langraizen izan da aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen zita. Han sei bertsolari bildu ziren lehenengo finalaurrekoa burutzeko: Asier Rubio (Luiando), Felipe Zelaieta (Gasteiz), Manex Agirre (Aramaio), Peru Abarrategi (Aramaio), Rikardo Gonzalez de Durana (Oreitia) eta Zigor Enbeita (Abornikano).
Txapelketaren lehenengo itzuli honetan 13 bertso puntuagarri kantatu zuten bertsolariek. Ariketa guztiak egin ondoren, Manex Agirrek lortu zuen puntu gehien (229 puntu). Ondorioz, Manex Agirrek Legution jokatuko den 2. itzuliko 4. finalaurrekoan kantatuko du, martxoaren 4an. Gainontzeko beste bertsolariak puntuazioen zain geratuko dira jakiteko non kantatuko duten bigarren saioa.
Txapelketan parte hartzen duten 18 bertsolariek bi aldiz kantatuko dute txapelketan, eta bi saiotako puntuazioarekin sailkatuko dira finalerako.
Hurrengo saioa Zigoitian izango da.