BESTELAKOAK

“160 metro” musika dokumentalaren lehen atala egingo dute

Aspaldi eman genuen 160 metros. Una Historia de Rock en Bizkaia dokumentalaren berri. Portugaleteko zubi esekiak neurtzen dituen 160 metroak abiapuntu hartuta, Nerbioi itsasadarraren bi ertzetan, ezkerrekoan eta eskuinekoan, rock musikak 90eko hamarkadan egindako ibilbidea jasotzen du web bidezko lan horrek. Orotara, bost atal egin nahi dituzte.

Egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, beharrezko gutxieneko finantzaketa erdietsi dute estreinako kapitulua egiteko. Banakako 194 laguntzailek 5 eta 50 euroko ekarpenak egin dituzte, eta Kafe Antzokia, La Caldera Musika Elkartea eta Tipografika produktore bezala sartu dira egitasmoan; horri esker, hil honen amaieran grabazioa hasiko da. Estreinaldia udaberrirako aurreikusita dago, EITBn eta streaming bidez interneten.

Alvaro Fierro eta Joseba Gorordo dira filmaren egileak eta lehenengoak adierazi digunez, filmak 90eko hamarkadako une musikala eta soziala jorratu nahi du. “Gure adina dela eta, garai hori egokitu zaigu bizitzea”. Hala, Ibaizabal itsasadarraren bi ertzen arteko ezberdintasun sozialak ere aztertzen dira rock musikaren bitartez. “Garai bat testuinguruan jartzeko diziplina artistiko onena dela iruditzen zaigu”.

Horretarako, hainbat protagonisten hitzak jaso dituzte, hala nola, Gotzon Hermosilla eta Fernando Gegundez kazetariak eta Roberto Moso (Zarama) eta Javi Letamendia (El Inquilino Comunista) musikariak.

Azkenik, laguntza deia luzatu dute seriearen bost kapituluak etorkizunean gauza daitezen: http://goteo.org/project/160metros

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button