MUSIKA

Rukula, Pelax, Bamms eta Nuevo Catecismo Catolico, Ttan Ttakun Irratiaren festan

Larunbatean, hilak 12, Ttan Ttakun Irratiaren aldeko festa egingo da Donostiako Gazteszenan, 23:00etatik 6:00ak bitarte. Rukula, Pelax, Bamms eta Nuevo Catecismo Catolico taldeak arituko dira oholtzan. Emanaldion ondotik, disko jartzaileen saioak izango dira.

Rukula Kaki Arkarazo soinu-teknikari eta musikariaren seme Martxelek zuzendutako banda instrumentala da. Taldeak sei kantuko diskoa plazaratu zuen 2016an, erritmo aldaketekin jositako lana da. Iaz, gipuzkoarrak Kaki Arkarazoren talde ohia izandako M-ak-en kantuak moldatzen aritu ziren zuzenean. Honelakoak irakurri ahal dira taldearen soinuaren harira: “Usurbildik datorren Rukula laukoteak gerria mugiaraziko dizu, nahi gabe baldin bada ere. Rock dantzagarri terapeutikoa! Txost! musika odolean daramaten musikari musikazaleek osatzen dute banda itzela da. Ezusteko erritmoak, melodia malenkoniatsuak eta letra zoroak”.

Donostiako Nuevo Catecismo Católico ibilbide luzeko taldea da,  1993an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa. Harrezkeroztik, zazpi disko gehiago plazaratu dituzte gipuzkoarrek. Oraintsu, 1996an kaleratutako Aún no habéis visto nada lanaren berrargitalpena merkaturatu du Castello hiriko No Tomorrow zigiluak.

Bamms, bestalde, Hernaniko taldea da. Taldekideen artean hainbat punk-rock taldetako musikariak daude, eta punk-rock eta power-pop estiloak uztartzen dituzte.

Azkenik, Unai Pelayo donostiarraren egitasmoa da Pelax. Stoner, blues eta psikodelia zertzeladekin apaindutako rock sendoa egiten du, eta 2017an, Talkak egiten du didaktika izenburuko lan plazaratu zuen. Atala estudioan garbatu zuen diskoa Pelayok, 2017ko uztailean, Iñigo Irazokiren gidaritzapean. Masterizazioz Jonan Ordorika arduratu zen, Azkarateko Mamia estudioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button