LITERATURA

Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri

Susa argitaletxeak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri kaleratu ditu: Hildako haurra (Gotzon Barandiaran) eta Ura jaten (Maddi Goikoetxea Juanena).

Gotzon Barandiaranek idatzi du Hildako haurra, baina argitalpenean bi antzezlan topa daitezke. Batak liburuaren izen bera du eta oholtzara bideratzen ditu, antzerkiaren kodeetan, idazle batek -eta, are, kulturgintzan ari den edozeinek- izan ditzakeen kezkak, zalantzak eta barne borrokak. Bigarrena, Besaulkiak, Abarka taldeak bere ibilbide oparoaren baitan taularatu zuen, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Testu batean zein bestean, mundua den testuinguru zabal horretan gertatzen direnak nola jaso da trabesa, norbere ezintasunetik nola eragin hitzaren bitartez.

Eta Maddi Goikoetxea Juanenak Ura jaten pieza idatzi du. Antzerkiak Euskal Herrian duen prestigio sozial faltaren eragina aztertzea da elkarrizketaz osatutako liburu honen helburuetako bat. Hain zuzen ere, antzerkia modu integralean bizi duten hainbat esperientziatako protagonistak elkarrizketatu ditu egileak: Ximun eta Manex Fuchs, Eneritz Artetxe, Ander Lipus, Amancay Gaztañaga, Goizane Barroso, Ainara Gurrutxaga, Marise Urruti, Ixabel Etxeberria, Monika Torre, Garazi Lopez de Armentia, Idoia Zabaleta, Amaia Gabilondo, Rita Naveira, Koldo Zelestino eta May Gorostiaga. Elkarrizketon helburua ez da izan haien ibilbideari buruzko itauntze biografiko bat egitea, antzerkiaren adar diferenteak bizi dituzten esperientzietako protagonisten gogoetak jasotzea baizik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button