IKUS-ENTZUN

“God’s Own Country” filma pantailaratuko du gaur Donostiako Kresala zineklubak

Francis Lee zinegile britainiarrak 2017an estreinatutako God’s Own Country emango du gaur Donostiako Kresala zineklubak, Trueba aretoetan, 19:30etik aurrera. Kimuak programaren koordinatzaile Esther Caberok aurkeztuko du emanaldia. Filmak dozena bat sari inguru jaso ditu, besteak beste, Sundance, Berlin eta Torontoko jaialdietan.

Kresala zineklubaren arabera, hauxe kontatzen du pelikulak: “Johnny Saxby, Yorkshire konderriko baserritar bat, alkohola eta sexuaren bitartez bere arazoetatik ihes egiten saiatzen da. Ardien zaintzan laguntzeko etorkin errumaniar bat iristen denean, Johnnyk bizitzaz duen ikuspegia erabat aldatuko da”.

Francis Lee zuzendariaren estreinako film luzea da God’s Own Country. Emozioz betetako lana da, eta naturak paper garrantzitsua jokatzen du. Zinegilearen estreinako lan luzea izanagatik ere, lan heldua, pertsonala eta purua da. Amodio homosexualaren inguruan ardazten den drama naturalista da, eta pertsonaiek sekulako eboluzioa biziko dute filmean zehar.

Ken Loach zinegilearen eraginak nabaritzen dira, eta adituen aburuz, Brokeback Mountain film ezaguna  baino lan soilagoa eta zintzoagoa da, eta ez hain epikoa.

Informazio gehiago: kresalazinekluba.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button