LITERATURA

Dürrenmatt eta Munro, euskaraz

Epailea eta haren borreroa (Friedrich Dürrenmatt) eta Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Alice) lanak Literatura Unibertsala saila aberastera etorri dira. Erein argitaletxeak lanon aurkezpena egin du gaur goizean, Idoia Santamaria eta Isabel Etxeberria itzultzaileekin batera.

Epailea eta haren borreroa, nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu bestelako ezaugarri bat: ustez istorio nagusia dirudienari beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala. Dürrenmatten lanetan beti agertzen da ustekabeak arrazoimenaren logika hausteko duen indarra, eta nobela honetan, zehazki, ustekabe batek dakar lehen planora liburuko istorio nagusia. Eta ustekabearekin loturik ageri dira maiz, orobat, errua eta norbanakoaren erantzukizuna, Dürrenmatten dilema filosofikoaren ardatzetako bi.
Friedrich Dürrenmatt (1921-1990) Suitzako idazlerik ezagunenetako bat da, Max Frischekin batera. Dürrenmatt antzezlanek egin dute ezagun batik bat literaturan. Hiru nobela beltz idatzi zituen: Epailea eta haren borreroa (1952), Susmoa (1953) eta Agindua (1958).

Munroren literatur mundua eguneroko bizitza da. Mundu hori populatzen duten gizon, emakume eta umeak eguneroko bizitzak ezartzen dituen eginbehar eta nekeetarako bizi dira. Ez dago gertaera bereziki misteriotsurik, betidanik ezarritako moldeetan jaio, bizi eta hiltzen dira. Baina eguneroko bizitzan zoriak eta ustekabeak nahitaez duten lekua aski da haien tragedia handi edo txikiek Huron County baino eremu zabalagoko jendeari hunkigarri gertatzeko.
Alice Ann Munro idazleak  Literaturako Nobel Saria jaso zuen 2013an. Bere azken lanak Zorion handiegia (2009) eta Bizitza maitea (2012) dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button