MUSIKA

Zura, Ken Zazpi eta Izaki Gardenak taldeen lan berriak argitaratuko ditu Elkarrek

 

Elkar diskoetxeak nobedade sorta anitza eta interesgarria plazaratuko du udazkenera begira; esaterako, azaroaren 27an, Ken Zazpi banda ezagun eta arrakastatsuaren disko berria argitaratuko du. Grabazio berri hori, aurrekoak baino ilunagoa izango omen da.

Horrekin batera, Tolosako Bide Ertzean taldearen eta Oreretako Metrokoadroka antzerki taldearen arteko elkarlana ere plazaratu du Elkarrek: Nola Belztu Behar Zuria DVDa. Argitaletxearen arabera, “Joxan Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza poesia-liburuetako poemak oinarri hartuta”. DVDa irailaren erdi aldean aurkeztuko da.

Zura egitasmoak, halaber, Egunkari Ezkutua Txillardegiren estreinako nobelaren inguruan ardazten den lana grabatu du. Diskoak eleberriaren izenburu bera hartu du, eta urriaren hasieran aurkeztuko da.

Joseba Basaguren musikariak zuzendutako Izaki Gardenak rock bandak ere bigarren lana plazaratuko da: Aurri gara. “Hats eta indarrez beteriko kantuak ditugu, nortasun berezkoak, ameslariak eta telurikoak era berean, urratzaileak eta samurrak batera, bizirik diren ametsen tankerakoak”. EH Sukarra rock talde ezagunak ere Azken gezia izenburuko lan berria kaleratuko du.

Kantautoreen harira, Mikel Urdangarin bizkaitarrak lan homonimo berria ekarriko da. “Apustu berezi eta zintzo bat erakusten digu honetan, urte hasieratik bakarka eskaini dituen kontzertuen bilduma baita, zuzenean eta bakarka”.

Udazkenarekin batera, ondoko nobedade hauek ere izango dira: Imuntzo eta Beloki, Egurre; Jean Mixel Bedaxagar, Belatxa eta Olatz Zugasti, Ur goiena ur barrena.

Azkenik, bilduma parea ere plazaratuko du Elkarrek: Elkar estudioa Sesioak Vol. II eta Kantuz 1965-2015.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button