MUSIKA

Zuloak, zulotik berpiztuta

Atzo aurkeztu zuten Bilboko Kafe Antzokian Talka Records & Filmsen Zuloak taldearen diskoa. Ekitaldian Izaskun Muruaga, Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta, Maitane Alonso Mai Bass eta Ursula Strong izan ziren.

Diskoa gaurtik dago salgai dendetan eta estudioko hamar abesti eta zuzenean grabaturiko hiru kantu bildu ditu. Azken hiru doinu horiek Bilbon eta Gasteizen eginiko emanaldietan jasoak dira. Tolosako Bonberenean grabatu dute diskoa eta Karlos Osinaga Txap eta FerminMuguruzak ekoitzi du.

Taldekideei dagokienez, Izaskun Muruagak eta Tania de Sousak jarri dituzte ahotsak (lehenengoa Bermeoko Lights of Eden taldekoa da eta bigarrena Las Putass del Mistol eta The Dispositives-en ibilitakoa da). Ainhoa Unzuetak gitarra jo eta koroak egin ditu (Gernikako Itzalen taldekoa da) eta Naiara Goikoetxeak jo du bateria (Hondarribiko Las Sfintters-ekoa da). Horretaz gain, The Dispositives taldekoa ere bada Mai Bass, zeinak lau sokak jo dituen bi kantutan. Azkenik, Alba Burgos (Las Culebras), abesten aritu da.

Zuloak Arrate Rodriguez artistak sortu zuen aspaldi. Izan ere, Andy Warholek Velvet Underground sortu zuen legez emakumez osaturiko taldea egin nahi izan zuen Rodriguezek. Taldea baina, desegin zen eta jasota zeukan material guztia bere ahizpa Eider Rodriguez idazleari pasatu zion eta horrek Fermin Muguruzari. Hala, taldea berriro abiatu du Irunekoak, film eta proiektua gauzatzeko.

Filmaren harira, desegin aurretik, taldea osatzen zuen hirukotea berriro batu da eta filmaren aurkezpen moduan hainbat kontzertu eskainiko ditu datozen bi hilabeteotan. Filma irailaren 22an estreinatuko da Zinemaldian, eta urriaren 5ean zine aretoetan izango da.

Zinemaldiko aurkezpena eta gero, kontzertu bira bati ekingo dio Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta eta Ursula Strong hirukoteak: irailaren 27an, Donostiako Le Bukowskin; irailaren 28an, Tolosako Bonberenean; urriaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian; urriaren 5ean, Gasteizko Helldoradon; urriaren 6an, Iruñeko Akelarren; eta urriaren 7an, Andoainen, Kilometroak jaian.
Ondoren kanpora irtengo dira, Madril eta Bartzelonara, eta Hondarribian, Zizur Txikian, Ourensen, Berlinen, Barakaldon, Mexikon, Arrasaten eta Ondarroan izango dira gero. Zenbait kontzertu zinema jaialdietan egingo dituzte, filmaren aurkezpenarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button