MUSIKA

Black Tusk, Herder eta Erroma talde metalzaleek Donostian joko dute

Gitarra riff pisutsuez beteko da gaur Donostiako Dabadaba aretoa, izan ere, 20:00etatik aurrera, Black Tusk (USA, Sludge Metal), Herder (Holanda, Sludge Metal) eta Erroma (Astigarraga, “piramideak mugitzen dituzte”) taldeek joko dute.

Black Tusk estatubatuarrak dira aparteko aipamenak merezi dituztenak. Donostian Pillars of Ash (Relapse) diskoa aurkeztuko dute eta lurrikara izugarria sortuko da. Red Ribbon promotorearen arabera, “(taldearen jarioa) Motorhead eta Slayer-en arteko uztarketa da, hardcore eta sludge ukituekin, eta ze demontre, death metal estiloaren zertzeladak ere nabaritzen dira zenbait kantutan”.

Lan berria grabatzen ari zirela, baxu-jotzailea hil egin zen, estudiotik atera eta jarraian izandako motor-istripu baten ondorioz. Halere, eta baxu-jotzailearen ahots eta zatiak grabatuta zeudela aintzat hartuta, musikari berri bat fitxatu, eta diskoa bukatu zuten.

Egun, errepidean ari dira Pillars of Ash aurkezten. “(Diskoan) bildutako 11 doinuetan askotariko erritmo aldaketak nabarmentzen dira, eta hiru ahotsekin uztartzerakoan, diskoa gozagarriagoa bihurtzen da, eta irensteko zaila den porlan-bloke batean aurrean zauden sentsazioa daukazu, baina sentipen hori lausotu egiten da kantuen egiturak etengabe aldatzen baitira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button