IKUS-ENTZUN

Zulo beltzak, ugalketa-esperimentuak eta espazioko bizitza

Denboraren kontzeptuan sakondu nahi duen Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa da aurtengoa. Bertan, hamabi film proiektatzen ari dira urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Filmekin batera, hainbat gairi buruz, hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango da.

Aste honetan, Zinema eta Zientzia zikloaren baitan, High Life (Claire Denis, 2018) filma programatu dute. Antonio Casado da Rocha Filosofian doktore eta bioetikan adituak, eta Iraia Muñoa Hoyos ugalkortasunean aditua den bioteknologoak aurkeztuko dute.
Lanaren korapiloa hauxe duzue: Espazio sakoneko espazio-ontzi batean, bizirik eusten diote gizon batek eta haren alabak. Zulo beltz bat helburu duen misio batean hiltzera kondenatutako talde batetik bizirik atera diren bakarrak dira biak.
Saioak honako hauek izango dira: gaur, hilak 30, Artium Museoan (Gasteiz); bihar, Tabakaleran (Donostia); otsailak 1, Bizkaia Aretoan (Bilbao), eta otsailak 4, Golem Zineman (Iruñea)

Zikloak pantailaratuko dituen beste lan batzuk honako hauek dituzue: Frankenstein  eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa. Eta film berriagoak ere bai: Le Théorème de Marguerite  (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua; Kampen om tungvannet  (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat; Djúpiò  (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma.
Azkenik, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000), eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) emango dira.

Eta goian aipatu dugun bezala, hainbat hizketaldi eta hitzaldi antolatu dira puntako aditu batzuekin. Noiz, non eta zer zehazkiago jakiteko, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button