
Donostiako Banda Bat elkartearen urteroko ekimena da Topak kultur arteko topaketak. Aurten, ekainaren 3tik 23ra bitarte, hamaikagarren edizioa izango da Guardetxean eta Trinitate plazan. Horretarako, immigrazioa, aniztasuna eta bizikidetza ardatz dituen askotariko egitaraua ondu dute elkarteko kideek beste erakunde batzuekin elkarlanean.
Hala, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, performance, musika eta antzerki emanaldiak eta proiekzioak. Horiekin batera, Munduko Arrozak jaialdia ere egingo dute arrozaren inguruan kultura anitzeko adierazpide eta lagunak biltzeko asmoz.
Ekitaldiei dagokienez, ekainaren 8an kontzertu izango da: Iban Nicolai didgeridoo jotzaileak Organika diskoa aurkeztuko du eta Tacuma taldeak reggae doinuak joko ditu. Ekainaren 14an, Bartzelonako Soloparacortos zine jaialdiko film labur onenak proiektatuko dituzte. Ekainaren 15ean, Itsuen munduan, dortoka erregina performancea egingo du Sinead Brady-k.
Horiek dira Topak jardunaldien barruan dauden ekitaldi batzuk; egitarau osoa guardetxeabandabat.org webgunean dago jasota.