MUSIKA

Mikel Urdangarinen “Badena eta ez dena” lan berria, Getxon

Mikel Urdangarinek Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin lankidetzan garaturiko proiektua aurkeztuko da datorren larunbatean, hilak 25, Getxoko Musikebarrin, 19:30ean hasita.

Badena eta ez dena lan berriak artistaren errepertorio zabaleko kantu esanguratsuenetako batzuk bildu ditu, kasu honetan orkestrarako egokituak. Mikel Urdangarinentzat “amets baten gailurra da. Egia bihurtu den ametsa. Hainbeste urte daramaten abesti propioak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatua entzutea ohore handia da. Ilusio eta ardura handiz heldu genion lan honi, hasieratik zerbait gehiago eskaini nahi izan genuelako, ez soilik orkestrarako bertsioak”.
Urdangarinek profesional handiz osatutako talde bat bildu du, “lagun handiez inguratu nahi izan dut. Profesional onak, noski, baina pertsona hobeak. Eta hori oso garrantzitsua zen proiektu intimo eta pertsonal hau gauzatu ahal izateko. Plazer handia izan da haiekin lan egitea eta ohore izugarria”.

Orkestrarako moldaketa gehienak Bingen Mendizabaleak burutu ditu, bi izan ezik: Kideari abestia Fernando Velázquez orkestra zuzendariak moldatu du; eta Munduari begiratzeko modu bat Koldo Uriarteren lana da, musikaria eta diskoaren produktorea.

Lan honek Mikel Urdangarinen proposamenean bilakaera profesional handia dakar eta euskal artistek BOSekin dituzten beste proiektu batzuekiko ikuspuntu berri bat eskaintzen du.
“Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Mikel Urdangarin elkarrekin sortzea gure kulturarentzako altxorra eta gainerako munduari aurkeztu beharreko proposamena da”.

Getxon egingo den kontzertu horretan Mikelen kantutegitik hautatutako abesti esanguratsuenez gozatuko dute zaleek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button