EZLEKUBAT

Precious

Aspaldian pelikula baten kritikea egin barik,  gogotsu hasten naz, ondo ez badakit be  behin amaituta gustora geratuko nazen. Nahiko eta gehiago izango da neure berbeteaz eskribiduteko kapaz banaz, ze denbora luzea daroat ezer idatzi barik, eta halako ezinegona lakoxea sortu jat. Nire andreak esplikazinoak emoteko gogoa esaten  deutso  azaltzeko gar horri, behin pelikulea ikusi ostean, erabilten dodan sasijakitun erretolikari. Zer egingo deutsagu ba, edozeini etorri ahal jako  zeozer esateko gogua bi ordu inguru ilunetan ezer esan barik egon eta gero.

Bueno, sarrereagaz luzamendutan nabil eta, kontua da gaur gauean Precious pelikulea ikusi dodala eta zeozer eskribiduteko gogoa sortu jatala. Aurreko batean periodikuan kritikea leidu neban, eta harrituta laga ninduan: hamasei urteko amerikar neska baltz baten sufrimenduak Harlemgo ghettoan.  Gurasoen biolentzia ikaragarria dala eta, bizimodu latza daroan neska baten oinazeak, ia barruak be pelikulea ikusten lagaten ez deutsun historia. Neskea oso lodia da dakarren urtetako, eta aitak biolauta bigarren umearen zain dago. Gainera, bere lehen semea  Down sindromeduna da. Ez dakit… besteen holako peneak ikustea gogorra egiten jat; ez,  ez dodalako entendiduten sufriduten dagozana, ez horixe, neuk be sufriduten dodalako baino. Ez ikustea lako medizina hoberik ez dago, baina  itsu bizitzeak ez dakar ezerlako zoriontasunik; hor ba, baina uste dot sarritan geure problemekin aurrera egitea astun egiten jakula eta zinemara joaten garela atseden hartzera, ahaztera. Kritikea ikusi ostean ahal baneban joango nintzala pentsau neban, batez be zelan kontauta egoan jakiteak neure kuriosidadea piztu eban eta.

Pelikulea jatorri independientekoa izanik, banekien autore estiloa eduki behar ebala. Bai imajin, bai erritmo aldetik, pertsoaniak borobiltzean, berba egiteko moduan legetxe hori igarriko zala.  Periodikuan etorren kritikean umore punttu bat be baeukala zekarren. Pentsau neban halan edo holan istoria hori jasangarri izateko erritmo aldaketeak izan behar ebazala, umorea horretarako ezinbestekoa zala; horrek, beste aldetik. pozten ninduan, ze holan izaera melodramatiko sakonagoa izango eban. Ez dakit ba, orain azaltzean, emoten dau ikusi baino lehen dana nekiala; baina, bai susmo antzeko zeozer izan nebala.

Dana dala, Precious pelikulea ikustea emakumeak eta biok azken momentuan erabaki dogula be esan behar, besterik barik zapatuari bere itxurea emoteko joan gara Bitoriako erdi aldeko multizine batera, umea amaginarrebanean lagata. Aurretik, arratsaldean periodikuko karteleran zegozan pelikulei gainbegiratu bat emon deutset, horregatik I´m not there erabaki dot ikustera joatea: Bob Dylanen bizitzeaz izanda, interesgarria begitandu jat. Eta hotz dardar batean, haraxe joan gara; halan da be, betiko legetxe kartelak behatu doguz eta  neska baltz handia Precious titulu azpian ikusita, segiduan erakarri nau: “Horixe ikusi behar dogu, duda barik”, pentsau dot. Andreak Bob Dylanena ez dau  gogo-gogokoa izan, eta pentsautakoa azaldu deutsadanean segituan baietz esan deust.

Eta zalantza barik merezi izan dau, pelíkula gogorra da, benetan halantxe dala, baina atrapetan zaitu hasieratik amaierara. Neska handiak izugarri ondo egiten dau bere papera, gainontzekoek lez; amaren interpretazinoak  daukan konplexutasun guztian  oso gatxa izanik be, ondo baino hobeto antzezten dau sasoiko aktoresa baltzak: beldurra emoten dabe filmean agertzen dan lako izaki ilun zitalak. Oso gidoi onagaz, erritmo onenean pelikulearen dramatismoak atrapetan zaitu. Pertsonok, emakumeek batez be, ze sufrimendu eta umilazio jasan ahal daben ikusita, beldurtzen eta amorratzen zara, izugarria. Horregatik pelikulea gizakiaren dignitarean aldeko deiadar ozena da, eta Precious Jones baltzak sekulako lezioa emoten deusku denoi giza duintasuna gizakion barne indarrean, bizi irautean, daukagula erakutsiz.

Baten batek esan leike halako tratua aguantautako neska batek ezin dauala aurrera egin, ezinezkoa dala. Akordaten naz, esate baterako, Magnolia pelikulean aitarengandik tratu txar sexualak ( biolazino, eta bejazioak) jasandako neska berba egiteko kapaz be ez zala, bururik be ezin eban altzau negar egin gabe. Niretzat sinesgarritasun gehiago izan arren bigarren honek, ez dogu ahaztu behar Precious HIESAgaz etorkizun gatxeko emakumea dala. Bestetik, pelikuleak puntu komertzial bat izatea ( bere gordintasun guztiagaz) ona dala begitantzen jat, ze horrela jende gehiagorengana, beharbada bejazioak sufriduten dagozan nerabeengana ailegau ahal da, esperantza izpi bat irekiz euren egoera salatu eta aldaketarantz joateko.

Preguntea da hain neska indartsua benetakoa izan leikean, gurasoengandik jasandako sufrimenduak, torturak, bere barnean eragin hain ttikia izatea posiblea dan. Filmean Preciousek tratu txarrak jasaten dauan momentuan bere ilusino mundura iges egiten dau, bapatean inguruko izarra bihurtzen da danan atenzinoa deituz: soul izarra, ezkongai ederra… horrek izugarrizko ahalmena emoten deutso, ze sufrimendua bertute bihurtzen dau. Benetan hau izango litzateke beharbada pelikulearen alderdi ahulena, ez nago ziur jasangarria egiteko edo denengana ailegauteko beharrezkoa izan leikean holan azaltzea;  baina bai sarritan sinpletasunak indartsuago egin ahal gaituela. Preciousek filmeko momentu batean bere irakasleak eta haren lagunak, euren etxean hartu dabenak babesa eskeiniz, ikusten ez daben telesaioetan legetxe berba egiten dabela dino, halan da be eurekin gustora dagoala. Simpletasunak eratu leikean barne munduak indarra emoten deutso sufrimendurik latzena ilusioen bidez, iges eginda, soportauteko, litekeana da?  Ziur askorentzat  pelikulea mezura egokitua izan dala, baina ikusleak jasan ahal dau hainbeste sufrimenduko pelikularik mezu baikor txikienik barik? Ikusle bakoitzak erantzun beharreko galderea; joan ikustera, ze ostera be dinot Preciousek gizakiak berez, bizi irautez, daukan duintasunaz lezino bat emoten deuskula.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button