ARTEA

“Ertibil Bizkaia” erakusketa, Bilbotik Ea herrira joan da

Maiatzean inauguratu zen Bilboko Rekalde Aretoan Ertibil Bizkaia erakusketaren XXXVII. edizioa. Ekimenaren helburua Bizkaian euren lana garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea da. Bilbon izan ostean, Ea herrira abiatu da orain, eta bertan, uztailaren 8tik 31ra ikusi ahalko da.

Aurtengo edizioan 83 artistak hartu dute parte espezialitate guztietako 113 lanekin. Horien artetik, 18 artistaren 18 obra aukeratu dira erakusketa osatzeko. Horien artean hiru saridunak ere aukeratu ditu epaimahaiak. Honakoak: Juan Pablo Orduñez-MawatreS, Borja Gomez Diez eta Izaro Ieregi.

Juan Pablo Orduñez-MawatreS artistak BlackMonuments (artxiboa) obra aurkeztu du: “espazio publiko demokratizatuan, printzipio hegemonikoen kontrako ideiak goraipatu nahi dituzten monumentu berriak sortzerako orduan lengoaia tradizional eta naturalizatuen erabilera errepikakorrari ekiten dion garapen-prozesuan dagoen proiektu baten parte da”.
Borja Gomez Diez pintura materikoaren -testura desberdinekin, arinak zein latzak eta zenbait zimurrekin- keinu herabe baten eta eskaneatua ahalbidetzen duen erreprodukzioaren planismo eta leuntasunaren artean mugitzen da.
Azkenik, Izaro Ieregik hainbat emakumeren keinu eta imintzioak azaltzen dituzten lehen planoko argazkiekin osaturiko bilduma bat aurkeztu du.

Horiekin batera honakoak ere hautatuak izan dira erakusketan parte hartzeko: Raisa Alava, Ana Arsuaga, Maria Benito Piriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Ivan Gomez, Gomez Selva, Estibaliz Gutierrez, Eztizen de la Cruz, Saray Perez Castilla, Ander Sagastiberri Fernendez, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauz.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak azpimarratu du Ertibil “gazte sortzaileen lanik berritzaile eta sortzaileenak babeste dituela, artista sortzaileen ikusgaitasuna bermatzeko, talentu berrien agerpena sustatu eta bultzatu nahi duelako”.

Diogun bezala, Rekalde Aretoak hartu du erakusketa uztailaren 7ra arte, eta hurrengo hilabeteetan, Ea, Balmaseda, Elorrio, Arrigorriaga, Eibar eta Getxon bisitatu ahalko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button