
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko bigarren kanporaketa Sestaoko musika eskolako aretoan izan zen larunbatean. Eneko Abasolok irabazi zuen eta bere atzetik Arrate Illaro lotu zen. Bigarren kanporaketa irabazita, finalaurrekoetarako txartela lortu du iurretarrak eta Markina-Xemeingo finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 19an.
Igandean ere zita bat egon zen Igorreko Lasarte aretoan Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko faseko hirugarren kanporaketa ikusteko. Beñat Ugartetxea izan zen kasu honetan, onena, eta ondoan, Julen Erezuma sartu zen. Beñatek finalaurrekoetarako txartela lortu du, eta Basauriko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 27an. Besteak puntuazioen zain geratuko dira.
Datorren asteburuan Leioan jokatuko da kanporaketa, Kultur Leioa Auditoriumean, 17:30ean.