LITERATURA

“Poesia Aldarrikatu” lemapean abiatuko da Bilbaopoesia

Bilbaopoesiaren hamabosgarren edizioa urriaren 13tik 22ra burutuko da Bidebarrietako Liburutegian Poesia Aldarrikatu lemapean. Hala ere, literatur jaialdiak aurrerapen bat izango du larunbat honetan, urriaren 11n, Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunarekin.

Bilbaopoesia literatur jaialdiaren aurtengo izenburua Poesia Aldarrikatu da, “ poesia aldarrikatu nahi dugu estilo guztietan, berau ere aldarrikapena baita, sentimendu unibertsalen ahotsa baita” esan du Begoña Moran programatzaileak.

Jaialdia  datorren astelehenean hasiko da modu formalean, bi poeta bikainen eskutik: Guillermo Carnero eta Pablo García Baena. Lehenak hainbat sari ditu, horien artean Letren Asturiaseko Printzearen Saria 1984an eta Kordobako eta Malagako Hirietako Urrezko Dominak. Guillermo Carnerok Poesia Sari Nazionala irabazi zuen 2000. urtean.

Urriaren 15ean,  Institutu Frantsesaren elkarlanari esker Khal Torabully (Mauricio uhartea, 1956) poeta joango da Bilbora, sistema poetiko berezian oinarrituriko poemak irakurtzera.

Errezitaldiei dagokienez, Zurgai aldizkariko partaideek Versos por la paz izeneko errezitaldia egingo dute urriaren 16an. Bertan, Rita Ann Higgins eta Mary O´Malley poeta irlandarrak, eta Julia Piera, José Fernández de la Sota eta Pablo González Langarika arituko dira.
Bizkaiko Arte Elkarteak ere Versos para un mundo mejor saioa egingo du, eta Galatea elkarteak Bronca poética poesia-musika ikuskizuna.

Jaialdiaren bigarren astean, astelehenean, urriaren 20an, sei poeta gazte izango dira protagonista: Elena Medel, Gabriela Wiener, Erika Martínez, María Eloy-García, Pilar Adón eta Cristian Alcaraz. Hauek, bakoitza bere estiloarekin, errezitaldi oso bizia aurkeztuko dute. Hurrengo egunean, asteartean, Juan Carlos Mestre (Villafranca del Bierzo, 1957) eta Isabel Cadenas Cañón Basauriko poeta gaztea egongo dira.

Hauez gain, Joan Colomo kantautore katalanak La filia y la fobia izeneko kontzertua emango du (urriaren 18an) eta José Sacristán antzezleak Caminando con Antonio Machado, de Los días azules a El sol de la infancia ikuskizuna ere egingo du (urriaren 22an).

Gabriel Aresti poeta bilbotarra ere programazioaren protagonista izango da. Jon Kortazarren (Mundaka, 1955) Harri eta herri liburutik barrena liburua aurkeztuko da. Saioan bertan, Harri eta Herri laneko zenbait poema irakurriko dituzte Rafa Rueda musikariak eta Arkaitz Estiballes bertsolariak.

Informazio guztia www.bilbaokultura.net helbidean eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button