BESTELAKOAK

San Telmo Museoak “Comète. Ihesbide sarea” erakusketa aurkeztu du

II. Mundu Gerraren amaieraren 70. urteurrenarekin batera, San Telmo Museoak, Bakearen Etxeak eta DSS2016k Comète. Ihesbide sarea erakusketa abiarazi dute San Telmo Museoan. Elkarte zibil honek, II. Mundu Gerran, gatazka gunetik 800 iheslari inguru ateratzea lortu zuen. Erakusketa martxoaren 17tik maiatzaren 31 arte ikusi ahalko da.

Baina zer zen Comète sarea? “Comète sarea Bruselan sortu zen 1940 urte amaieran. Erresistentziarako erakunde zibil franko-belgikarra izan zen, eta helburua II. Mundu Gerran naziak atzetik zituzten soldadu aliatuak gatazka eremutik ateratzea zen. Iheslariak Gibraltarrera salbu eramatea zuten xede. Europa okupatua zeharkatu eta gero, Euskal Herria zen igarobidea, Bidasoatik. Bidaiako puntu honetan euskal talde batek, mugaren bi aldetan, era aktiboan parte hartu zuten. 3.000 pertsona anonimok parte hartu zuten sare honetan eta, horietatik, 700 inguru atxilotu zituzten eta 290 bat fusilatu edo deportazioan hil ziren”.

Gurean, mugalari asko aritu ziren Comètekin lanean garai ezberdinetan. Horietako bat da Florentino Goikoetxea hernaniarra. Ziburun Kattalin Agirre ere bazegoen, eta Oiartzunen atseden hartzen zuten Sarobe baserrian edo Arbide-Garayar familiaren ostatuan, edo Donostian, Bernardo Aracamaren etxean.

Hortaz, ikus-entzunezko proiektu interaktibo honek, Comète sarean parte hartu zuten herritarrak, bizirik dirautenak eta familiartekoak, gogora ekarri nahi ditu modu horretan.

Erakusketa 8 eremu edo geltokitan dago banatuta eta Europako mapan kokatutako puntuekin lotuta daude: Londres-Brusela-Paris-Bordele-DaxBaiona-Bidasoa-Pirinioak-Gipuzkoa-Gibraltar. Erakusketa honetaz gain, hilaren amaieran Aieten Nazien presentzia Bidasoan izenburuko argazki erakusketa jarriko dute ikusgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button