ARTEA

Iker Valle artistaren “Barne Bibrazioak” erakusketa, Eibarko Portalean ikusgai

Bihar, urtarrilak 19, arratsaldeko 19:00etan Eibarko Portalean Iker Valle artistaren Barne-Bibrazioak pintura erakusketa inauguratuko da, eta artistarekin bisitaldi gidatua egingo da. Erakusketa otsailaren 18ra arte egongo da ikusgai. Ekitaldi hau Eibarko Udala eta Portaleak sustatuta dago, Katapulta Plataformaren kolaborazioarekin.

Barne-bibrazioak erakusketan paisaiak sortzeko ideian sakontzen jarraitzen du artistak, zuhaitzen bertikaltasunean inspiratuta. Egileak bere azken lanak erakusten ditu natura ardatz duten beste serie batzuekin batera, betiere ikuspegi intimo eta pertsonaletik abiatuta.

Pinturarekiko eta marrazketarekiko zaletasunak bultzatuta, Donostiako Ostalaritza eta Turismo Eskolan sukaldaritza-ikasketak amaitu ondoren, hainbat formaziotan murgildu zen, eta hainbat irakasletara hurbildu, 90eko hamarkadaren amaieran.

2003an, Errapia izeneko artista-taldearen sorkuntzan parte hartu zuen Hernanin (Gipuzkoa). Harrezkeroztik, bere sorkuntza-prozesuan jarri du arreta, eta dagoeneko berezkoak eta bereizgarriak zaizkion munduak sortu ditu. Mundu horiek bere proposamen plastikoetan islatzen dira, hainbat teknika, formatu eta materialetan eginak, bai pinturan bai eskulturan.

Berak aitortu duenez, “Serie bakoitza ikaskuntza-prozesu bat da, eta ezagutza bat lortzen du, bai arlo plastikoari bai arlo pertsonalari dagokionez. Aldi berean, nork bere burua ezagutzeko prozesu bat da, estudioaren bakardadean lanari aurre egin behar diozu, zeure buruari, zeure mugei, zeure topaketei,… Seriearen ikaskuntza-prozesua amaitzen dela sentitzen dudanean, utzi eta serie berri batekin hasten naiz”.

Bere lana Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako, Erresuma Batuko, AEBetako… bilduma pribatuen parte da. Era berean, Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta pribatuk erosi dute: Kutxa Fundazioak, Hernaniko Udalak, Ordiziako Udalak…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button