
Irailaren 29tik urriaren 1era arte musikak eztanda egingo du Zarautzen, Adarretatik musika jaialdiaren 6. edizioarekin. Asteburuan makina bat artista eta taldeek kontzertuak eskainiko dituzte herriko hainbat lekutan.
Ostiralean hasiko da ekimen musikala La Jodedera eta Rafa Villafaña egingo duten kontzertuarekin. Gaueko 22:00etan, kontzertu nagusia antolatu da Nakar taldearekin. Nakar postpunk elektronika proiektu berri bat da, hainbat proiektutan ibili diren artistekin osatua. Abiapuntua Lasarteko Pogrom synth-punk taldearen kontzertua izan zen. Hor elkartu ziren Jone Laspiur aktore eta abeslaria (Koban, Nogen) eta Xalba Ramirez (Raitx, Koban, Physis Versus Nomos), eta proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten Andoni Olaetxearekin (Pelax, Zozo, Burrundaria…) eta Jokin Azpiazurekin (OLOR, Occhi di Farfalla, PAM…). Elektronika eta soinu berriak ardatz, esperimentazioa bilatuko dute punk, techno, spoken word eta doinu ilunekin, garai ilunetarako ezin aproposagoak.
Egun horretako azken kontzertua La Perra Blanco taldeak egingo du.
Larunbatean honako taldeak arituko dira: Erromintxelak, Argizulo Ta Beñaranks & Eira ETA Akatz Ska Band. Azkenik, igandeko kontzertuak Donosti Lindy Hop & Dj Mr. Patxi “Crazy Legs” eta Antonio Lizana Trio taldeen eskutik etorriko dira.