
Xabier Enbeitia eta Iñigo Azkona bikoteak Makuesak izeneko erakusketa paratu dute Zarautzeko Photomuseum aretoan, azaroak 24etik abenduak 27ra bitartean.
Elantxobe herrian ateratako argazkiak dira guztia, baina ez da herria bera agertzen, herritarrak baizik, “herritarren, Makuesen, euren irudia da; izan be, eurek egin dute, euren lanagaz, gaur egun ezagutzen dogun herria: herri berezia, zalantza barik. Txikia, baina nortasun handikoa; bertan bizitzeko gatxa, baina ederra, era berean”.
Irudiotan agertzen direnek arrantza eta itsasoarekin harreman estua gorde dute eta horiuxe gomutarazten digute, itsasoa. “Ur-tanta bat ikusi ez arren, orri honeek eta bertan agertzen diren herritarrek kresal-usain nabarmena daukie. Dan-danek garai bateko Elantxobera eroaten dozkue, inoiz itzuliko ez dan garai batera”.
Iñigo Azkona argazkilariaren hasierako lanetan Euskal Herriko eguneroko gizarte eta politika arloak jorratzen ziren. Geroago, bere begirada Euskal herritik haratago joan da, munduko herrialde ezberdinetako bizimoduak eta esperientziak jasoz. Eta azken lan hau ildo beretik doan arren, lan pertsonalagoa da; bere herriari, Elantxoberi, eskainitakoa baita.
Xabier Enbeita bertsolaritzako irakasle lanetan zein bertsotan urte askotan ibilitakoa da. Idaztea betidanik gustukoa izan badu ere, lehenengoz agertu ditu bere idatziak. Bion artean osatu dute erakusketa hau.