IKUS-ENTZUN

Boogaloo erritmoekin hasiko da Dock Of The Bay jaialdiaren Sail Ofiziala

Musika-dokumentalak ardatz dituen Donostiako Dock Of The Bay jaialdiaren Sail Ofiziala bihar hasiko da, hilak 9, Mathew Ramirez Warren estatubatuarrak zuzendutako We like it like that: The story of the Boogaloo filmaren emanaldiarekin, Antzoki Zaharrean, 21:00ean.

New York hirian sortu zen Boogaloo estiloa 60ko urteetan. Latinoamerikako musikari asko AEBetara joanak ziren, eta bertako soinuak dastatzen hasi ziren, bai eta haien sustrai musikalekin nahasten ere. Horrela sortu zen Boogalooa: Soul, funk eta antzeko estilo afroamerikarrak erritmo latinoekin batuz (perkusioak, salsa, mambo…).  Joe Bataan, Johnny Colon, Larry Harlow, Ricardo Ray eta Joey Pastrana dira, besteak beste, estilo bero eta dantzagarri horren ordezkariak, eta sekulako ereserkiak idatzi zituzten, tartean, Bang bang eta I like it like that, Fania eta Tico bezalako diskoetxeetan jasoak. Dokumentalak musikarion ibilbideak biltzen ditu.

Sail Ofizialean lehiatuko diren bestelako filmak hauexek dira: Mavis! (Jessica Edwards, AEB), astelehena 11; Rumba tres, de ida y vuelta (Joan Capdevila, David Casademun, Espainia), asteartea 12; Sonido Pamplona (Beatriz Echeverría, Nafarroa), asteazkena 13; The second act of Elliott Murphy (Jorge Arenillas, Espainia), asteazkena 13; La muerte en La Alcarria (Fernando Pomares, Espainia), osteguna 14; The Man Who Would Be The King (Jeanie Finlay, AEB), osteguna 14; eta, amaitzeko, Cool Cats (Janus Koster-Rasmussen, Danimarka), ostirala 15.
Film guztiak Trueba zine-aretoetan pantailaratuko dira.

Zine emanaldiekin batera, bestelako ekitaldiak ere izango dira hilaren 16ra bitarte; gaur, esaterako, Felipe Cabrerizok idatzitako Gainsbourg: Elefantes Rosas liburua aurkeztuko dute, Garoa Kultur Lab-en. Liburuak Serge Gainsbourg musikari frantsesa du aztergai.

Informazio gehiago: dockofthebay.es.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button