
Zinebik, Siriako gerra, maitasuna eta familia harreman pertsonalen ikuspegitik lantzen dituen Sean Mcallisterren A Syrian Love Story filma eskainiko du etzi, ostegunean, Hileko dokumentala zikloaren barruan. Ohi denez, emanaldia Bilboko Multicine aretoan izango da, 20:00etan
Sean McAllister zinegileak zuzendutako A Syrian Love Story (Erresuma Batua, 2015. 76´) filmean Siriako gerra zibila, bikote baten maitasunezko eta familiako harreman pertsonalak aztertzen dira; oso giro eta inguru gorabeheratsua duen maitasun harreman baten erretratua da, azken finean.
Zuzendariak berak ikusitako eta jarraituriko esperientzia batean oinarria du lan honek. “Amer eta Raghda, filmaren protagonistak, duela 20 urte baino gehiago ezagutu ziren kartzelan. Biak ere askatasunaren alde borrokatzen ari ziren aktibistak ziren. Maitemindu eta aske geratu zirenean familia osatu zuten. 2009an Raghda berriro atxilotu zuten, arrazoi politikoak zirela eta, eta Amerrek bakarrik zaindu behar izan zituen 4 seme-alabak. Une horretan hasi zen Sean McAllisterren lana. Zuzendariak Amer ezagutu zuen eta familiaren etxera joan eta bertako beste kide bat bilakatu zen. Ia urtebete igaro ondoren Raghda libre geratu zen, baina une berean Udazken Arabiarrek eztanda egin zuten, eta Bashar al–Ásaden polizia sekretuak eta armadak indartu egin zuen disidenteen kontrako errepresioa. Siria presio eltzea zen, eta Raghdak dilema bat zuen, erreboltekin jarraitzea edo kartzelan hainbeste denbora igaro ondoren bere familia zaintzea”.
Zinebiren arabera, Sean McAllister ezaguna da bere filmak oso zintzoak eta zuzenak direlako. The Liberace Of Baghdad lanak Sundanceko Epaimahaiaren Saria jaso zuen, eta A Syrian love story filma Sheffieldeko azken zinemaldiaren garailea izan zen, Epaimahaiaren Sari Nagusia lortuz.



