BERTSOTAN

XXVIII. Basarri Bertsopaper Saria Ane Labaka gaztearentzat

Zarauzko Udalak antolatutako XXVIII. Basarri Bertsopaper Sariaren irabazlea Ane Labaka Mayoz Lasarte-Oriatarra izan da Zu izeneko bertso-sortarekin. Bigarren saria Aitor Albistur Pulido Errenteriarrak eskuratu du, Abuelita lanarekin.

Maitasunak eragiten dizkion sentimenduak eta emozio-eztanda aipatzen ditu Anek bere bertsoetan, eta epai-mahaikideen aburuz, baliabide eta deskribapen egokiz osatu du Ane Labakak bere lanaren diskurtsoa.
Irabazleak 1.100 euro eta txapela jasoko ditu, eta bigarrenak, 750 euro eta oroigarria.
Sari-banaketa irailaren 7an, ostiralez, izango da Zarauzko Zinema pilotalekuan, 22:00etatik aurrera jokatuko den Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketan, Lizardi Sariko finalaren barruan alegia.

XXVIII. Basarri Bertsopaper Sariko epaimahaian izan diren Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Rufino Iraolak, parte-hartzaile kopurua areagotu izanaren garrantzia nabarmendu dute, bai eta lanen mailak oro har gora egin izana eta gaien aniztasuna ere.

Beste aldetik, Aitor Albisturren Abuelita bertso-sortari dagokionez, oso gustagarriak egin zaizkie amonaren bizipenek sortutako eredua kontakizun duten bertsoak.

Basarri Bertsopaper Sariaren 2012ko ediziora hogeita lau lan aurkeztu dira, eta epaimahaia abuztuaren 29an elkartu zen erabakia hartzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button