
Euskal literatura XX. mendean. Jon Kortazar. 25 urte izeneko erakusketa zabalduko da gaur, urriaren 2an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian. Urriaren 16ra arte zabalik egongo da goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00etara.
Kortazarrek Euskal literatura XX. mendean liburua plazaratu zuen orain dela 25 urte eta urteurrena ospatzeko, lan horri buruzko erakusketa antolatu da. Izan ere, lehen liburua 1990ean argitaratu zen, gaztelaniaz, eta 2.000. urtean euskaraz, eta guztira 7 edizio kaleratu dira.
“Jon Kortazarren lanaren beste alderdi batzuk ere izango dira ikusgai: beste liburu batzuen aipamenak, itzulpenak, Lauaxetari buruz egindako ikerketak eta argitalpenak, argazkiak, oroigarriak edota objektu batzuk -Kortazarrek irabazitako Rosalía de Castro eta Lauaxeta Sarien ikurrak, Jose Hierro poetak Kortazarri egindako karikatura- besteak beste. Lauaxeta filma ere ikusi ahal izango da”.
Erakusketarako ere liburuxka bat argitaratu da, non Xabier Etxaniz eta Kirmen Uribe idazleen artikulu bana jaso diren.



