
Xpressionk 2003an Gipuzkoan jaiotako kultur proiektua da, eta gaurdaino 300 ekimen baino gehiago antolatu ditu EAEn. Oraingoan, Bizkaira Xpressionk Zirkuitua Bizkaira ekarri dute eta aurten 50 ekitaldi atontzeko asmoa dute.
Horretarako Bizkaiko hainbat udalerritako aretoekin jarri dira harremanetan, tartean, Bilboko Pub Memorial, Bluesbille eta Zona Zero, Sopelako Cafe Indian eta El Sitio, eta Zierbenako Nexo Aretoa.
Lokal horietan eta beste batzuetan joko duten taldeek oraindik zehazteke daude. “Deialdi irekia egiten dugu gure webgunearen bitartez nahi duten artistek bere izena eman dezaten”, esan du Jokin Telleria plataformako kideak. Era berean, areto orok du aukera ekimenean parte hartzeko. “Artistak, lokalak eta babesleak harremanetan jartzea da gure lanaren oinarria”.
Musikariekin eta areto alternatiboekin lan egiten hasi zen arren, egun arte eszenikoetara eta plastikoetara ere zabaldu dute euren jarduna. Irabazi asmorik gabeko elkarte kulturalak formatu txiki eta ertaineko aretoetan aritzen da, zenbait babesleren laguntza tarteko.
Horrez gain, EAEko mugak ere gainditu ditu, eta aipaturiko babesleen laguntzari esker, Galizian ere abiatu dute egitasmoa.
Plataformak honako helburu hauek ditu: jendeari artea gerturatzea; artista ez profesionalei espazioak eskaintzea; formatu txiki eta ertaineko espresio artistikoak normalizatzea; espazio eta artista alternatiboak sustatzea; eta Low Cost kudeaketa kulturalaren alde egitea.



