
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemalditik sorturiko Mendi Tour zikloa Tolosan izango da egunotan. Betiko legez, mendia, abentura eta naturaren inguruko zinema zikloa pelikularik zirraragarrienak hedatzen ari da Euskal Herriko txoko askotan, bai eta Espainian ere.
Dakizuenez, Iazko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiko film onenek osatuko dituzte karteldegiak, eta, beraz, ikusgarritasuna eta kalitate goreneko zinema ziurtatuta daude, baita Mendi Tourreko ohiko ikusleen artean sortzen den giro ona ere.
Atzo hasi zen zikloa Tolosan eta gaur eta bihar ere egongo da zer ikusi, tartean, Janire Etxabe dantzari euskaldunaren Haize lerroak film magikoa. Janire Etxabek, 4 urteetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen ditu. “Amets batek, sentimendu batek aldatu daike paisaia? Dantza bertikala probatu neban momentutik argi izan neban bide honetan jarraitu gura nebala. Geure etxean, mendietan, hegaz, zintzilik. Definitzen ez dan sentimenduaren bilaketa etengabean”.
Gomendutako beste film bat Jamie (Darcy Hennessey, 2023) da. Jamie Logan 70eko hamarkadako mendizale puntakoenetako bat izan zen, lehen igoera ugari egin zituen Ipar Amerikako hainbat bide gogorretan. Baina 60 urte luzez isilik mantendu du sekretu bat Jamie Logan alpinista gogor eta kementsuak emakume izan nahi zuen. 69 urterekin hasi zuen eraldaketa, eta orain, 76 urterekin, mezu hau helarazi nahi die bera bezalako beste trans pertsonei: bizitza ederra izan daitekeela, norbere buruarekin errespetuz jokatuz, zintzo izanez eta munduarekin konektatuago egonda.
Gozatu mendiko zinemaz.



