XIII. Musikagileak Zirkuituak bere programazioaren azken txanpari ekingo dio urtarrilean, otsailaren 12an amaituko baita ekimena. Aurretik hiru kontzertu geratzen dira, eta bihar, urtarrilaren 17an, Bilboko Arriaga Kontserbatorioan Silboberri taldearen txanda izango da. Silboberri taldea txistuz, eskusoinuz eta perkusioz osatutako hirukote batekin aurkeztuko da oraingoan.
Durangon egoitza duen Silboberri Txistu Elkartea 2000. urtean sortu zen Bizkaian txistuaren errepertorioa gaurkotu eta berritzeko helburuarekin. Instrumentu horretako irakasle, ikasle eta zaleek osatzen dute, eta txistu garaikidearen sena areagotzeko lanean ari da.
Interpretatzen duten errepertorioa hirukoterako obrak, duoak eta partitura bakarlariak osatzen dute. Musikagileak Zirkuituko kontzertu honetan, Aitor Amilibia txistulariarekin batera, Josean Hontoria soinujolea eta Gorka Saez de Alda perkusionista arituko dira.
Emanaldian Felix Ibarrondo oñatiar musikagilearen, Carlos Villasolen, eta Mercedes Zavala madrildar konpositorearen lanak haizatuko ditu taldeak, bai eta David Cantalejo, Yolanda Campos eta Jose Maria Sanchez-Verdú musikariarenak ere.