BESTELAKOAK

Chris Claremont “Marvel” argitaletxearen egile nagusienetariko bat, Getxoko Komiki Azokan

Getxoko Komiki Azokak 16 urte beteko ditu aurten, eta azaroaren 3tik 5era, betiko legez,  bineten munduaren zaleen gozagarri egitarau potolo bezain interesgarria atondu dute, hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak bilduko dituena. Gaur goizean horri buruzko xehetasun guztiak eman dituzte prentsaurrekoan.

Egun horietan hainbat liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fantzineen 60 salmenta-gune kokatuko dira Areetako Geltokia plazan, komikiaren diziplina guztiak bertan egongo baitira, eta hor ere, 30 egile arrakastatsurekin bat egiteko aukera izango da.

Azokan artista ospetsuak bilduko dira. Aurtengo gonbidatuen artean adibidez, Chris Claremont, Marvel argitaletxearen komikien egile nagusienetariko bat nabarmendu behar da; komiki alternatiboaren ikurra den Peter Bagge ere bertan izango da. Horiez gain, Claudio Castellini, Ana Oncina, Javier Rodriguez, Ramon Boldú, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Cordoba, Lorenzo Montatores eta beste asko Getxon batuko dira.

Ohi denez omenaldi xumeak ere egiten dituzte Azokan. Aurten bi egile aipatu behar dira: Josep Maria Beà bartzelonarra, AEBetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindari izan zena; eta Gregorio Muro Harriet, euskal komikigintzaren erakusle nagusietariko bat.

Programazioaren barruan erakusketa dezente programatu dira, eta hala, Peter Bagge, Harriet, Ana Oncina eta Voltio aldizkari berriari dedikatutako erakusketak izango dira ikusgai, bai eta Xabiroi euskarazko aldizkariarena  eta Daniel Gojénolaren Zinekomik izenekoa ere. Umeentzako tailerrak ( euskaraz eta gaztelaniaz), edota film laburren emanaldi interesgarriak osatuko dute egitaraua.

Hortaz, argitaletxe eta egileen nobedadeak ikusteko, eta hitzaldi eta mahai-inguru erakargarriak entzuteko, eta komikiaren munduarekin zerikusia duten era guztietako jarduerekin gozatzeko, azaroaren 3tik 5era, Getxoko Komiki Azoka duzue zain.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button